IRRATIA

Magazin eraberrituak eta podcast berezituak, NAIZ Irratiaren denboraldi berrian

‘Bigarren Kafea’ goizetan (10.00-12.00) izango da irailaren 11tik aurrera, ‘Zebrabidea’ magazina arratsaldeetan (16.00-18.00) eta hainbat podcast berezitu estreinatuko ditu NAIZ Irratiak denboraldia hasteko.

NAIZ Irratiaren Donostiako estudio nagusia. (I.T.)

This browser does not support the audio element.


Ordu, ahots eta saio gehiagorekin dator NAIZ Irratiaren 23-24 denboraldia. Analisi mahaiak indartu ditu, goizeko eta arratsaldeko magazin berrituak dakartza eta kirol eta aktualitate emankizun bereziek tarte zabalagoa izango dute.

Goizean goizetik eta analisi gehiago. Goiztiarrenei konpainia egitera dator Kutxa Beltza (4.00) irratiko artxiboen arakatzailea. Egun on iratzargailu saioaren ostean ekingo dio Informazioaren Hariaren lehen edizioak (7.00-10.00) Peli Lekuona eta Garazi Castañoren eskutik. Analisi mahaiak indartu ditu goizeko aktualitate saioak eta bertan izango dira, besteak beste, Garbiñe Biurrun, Begoña Errazti, Iker Bizkarguenaga, Julen Mendoza, Nagua Alba, Patxi Zabaleta, Iñaki Soto, Maider Galardi, Angel Toña, Eguzki Urteaga Ainhoa Etxaide, Iraia Oiarzabal, Aner Ansorena, Mikel Urdangarin, Xabi Murua, Julen Bollain, Ibai Fernandez, Iñaki Iriondo, Roberto Uriarte eta Maite Ubiria.

‘Bigarren Kafea’ goizetan eta arratsaldeko eskaintza indartua. Goizeko eta arratsaldeko magazinetan aldaketa garrantzitsuak ditu denboraldi berriak. Aurreko urteetan arratsaldetan izan den Bigarren Kafea magazina goizetan (10.00-12.00) izango da denboraldi berrian, Iñigo Asensioren gidaritzapean. Aurreko urteetako kolaboratzaile eta gaiei helduko die, baina berritasunak ere badira. Iruñe Astiz 'Arkkuso'-ren eskutik streaming eta txiolandia munduek tarte berezitua izango dute eta Ander Parkerren eskutik zinearen eta telesailen une gogoangarriekin jolasean ariko dira, bikoizketa eta umorea erabiliz. Josune Velez de Menziabalen eskutik ‘Txiribuelta’ tarte berria dator, aktualitateari bigarren begirada bat eman asmoz, umoretik jota. Gainera, basoen eta biodibertsitatearen aberastasunak tarte berezitua izango dute, Arkaitz Sarasola Nekazaritza eta Baso ingeniariaren eskutik. Aste gutxitan ‘Kafe makina’ sekzio laburra eta ‘Azukrerik gabe’ bideopodcast formatuko mahai-inguru sakonagoak ere iritsiko dira, adi seinaleari! 

Arratsaldeko ordu tartea eskaintza indartuarekin osatuko du NAIZ Irratiak. 16.00tan Arrosa sarearen baitan hazi den Zebrabidea magazina izango da. Solasaldi lasaiak eskainiko ditu, gizarte gaiei tarte gehiago eskainiz eta, besteak beste, Euskal Herriko museoak ezagutarazteko tarte bat ere izango du. Arrosa irrati sareko kideen parte hartzea izango du bidaide arratsaldeko magazinak. 

20.00ak bitarte azken urteetan interesgune nagusi bihurtu diren saio berezituek osatuko dute arratsaldea: Gelditu Makinak (krisi ekosoziala), Kirolari Gattun (emakumezkoen kirola), Eztena (zentsura), Bidaiari, Kontatzera noazu (bertsoak), Bideokluba (zinema eta serieak), Alde Erantziz (podcast konbertsazionala) eta Uluka (literatura).

Kirola eta kultur gauak. KirolHaria saioa 15.00etan izango da denboraldi berrian, Ion Garatek gidatua; kirolaren aktualitatea eta protagonistak izango ditu ardatz, mahai-inguru berezituekin. Gainera, kirol emankizunetan urrats berriak izango dira, Tourraren eta Kontxako banderaren jarraipen berezien hariari segiz.

Gauetako eskaintza indartzera datoz Paraleloan (22.00) kultur saioa eta MusikHaria (23.00). Lehenari dagokionez, Oihana Azkuek gidaturik kultur sortzaileen burutapen eta hausnarketak elkarbanatzeko ganbara txiki bat sortu du NAIZ Irratiak denboraldi berrirako. MusikHariari dagokionez, Iker Gurrutxagaren gidaritzapean segiko du saioak aurreko urteetako bidetik, ordutegi berriarekin baina jatorrizko izaera galdu gabe, «hamar minutu gutxiegi dira disko batek atzetik duen lan guztia azaltzeko».

Asteburuko eskaintza osatua. Larunbat eta igandeetan ere programazioa berritu du NAIZ Irratiak denboraldi berrirako. Goizerako euskal klasikoen tartea zabalduta (6.00-8.00) eta Asteburuko Harian sekzio eta kolaboratzaile berriekin. Lau igandez behin zinemaz jakin nahi ez duzuen guztia dakar aurten ere Bylintx-ek; loa kentzen duten gaiak ardatz dituen Gure insomnioarekin elkarbanatuko du tartea. Bideojokoen inguruko Game Erauntsia igandeetan izango da orain (20.00) eta umoreak ere izango du tartea denboraldi berrian, Xatoken Moura eta Zarramarra saioekin. 

Asteburua izango da musika saio berezituen babesleku ere. Denboraldi berri bati ekingo diote dagoeneko bide luzea daramaten hainbat saiok. Reggae Feverrek (igandea 19.00etan), adibidez, 15 urte bete ditu eta ospakizunekoa izango da aurtengoa. Global Musik, Revolutionary Grooves, Sateliteak eta Gramofonoak ere NAIZ Irratiaren sintonian jarraituko dute eta baita NAIZ Formulak ere, aurten Ihana Iriondoren eskutik. Musikarien fonoteka kuttuna arakatzen duen Beste bat saioa ere asteburutan izango da (larunbat eta igandeetan 16.00etan eta 22.00etan). 

Podcast eta zuzeneko bereziak

Emisio jarraituaz gain podcast berezituek ere protagonismoa izango dute. Iazko denboraldian zer esana sortu zuten, besteak beste, Labankada fikzio sonoroak eta Bideak erreportaje sortak. Aurten ere izango dira parekoak; denboraldi berriarekin bat estreinatuko da, adibidez, Eztena, azken hamarkadetan euskal sortzaile eta kazetariek bizi izan duten zentsura eta boikota ardatz.

Kirol eta aktualitate emankizun berezietan ere indar egin asmo du NAIZ Irratiak denboraldi berrian. Iazko euskal selekzioaren partida, udako Tourra eta Kontxako Banderan egindako emankizunen bidetik jarraituko du. Berdin aktualitateari dagokionez ere, lehen hitzordua ostegun honetan bertan, Gasteizko Legebiltzarrean izango den Politika Orokorreko eztabaidaren inguruko saio bereziarekin.