IRRATIA
Interview
Uzuri Castelo
Soziologoa eta Gizarte Psikologiako doktorea

«Zaintza eta menpekotasuna lotuta joaten dira, baina ez dira gauza bera»

«Menpekotasuna eta epe luzeko zaintzaren irudikapen soziala: zaintza-kulturaren, antolaketa sozialaren eta harremanen eraldaketa» izena du Uzuri Casteloren doktorego tesiak. Bera soziologoa eta Gizarte Psikologiako doktorea da, eta lan horren nondik norakoen berri eman du NAIZ irratian.

Uzuri Castelo (Izena ABIZENA | AGENTZIA)

This browser does not support the audio element.


 Soziologia ikasi ostean, Erakundeen Psikologia eta Esku-hartze Psikosozial Masterra egin zuen Donostiako EHUko Psikologia Fakultatean Uzuri Castelok. Ikasketak bukatzerako, zaintza eta mendekotasunaren inguruko hainbat kezka zituen. Duela bost urte doktorego tesirako dirulaguntza jaso eta orduz geroztik lanean aritu da buru-belarri. NAIZ irratian mintzatu da lana horren inguruan.

Menpekotasunaren eta zaintzaren artean zeintzuk dira ezberdintasunak?

Elkar lotutako kontzeptuak dira eta ezin dira bata bestea gabe ulertu.

Aniztasun funtzionalari lotutako elkarteetatik menpekotasunaren kontzeptua kuestionatu izan bada ere, gaur-gaurkoz terminologia hori erabiltzen da esparru soziosanitarioan eta politika sozialen arloan, adina, gaixotasuna edo ezintasunen bat dela medio eguneroko ekintzetan laguntza behar dutenen egoerari erreferentzia egiteko.

Zaintza kontzeptu zabala da eta ez da menpekotasun egoera edo zahartzaroko beharretara mugatzen, bizi garen mundua sostengatzeko eta iraunarazteko egiten ditugun ekintza guztiak barne biltzen dituelako. Guztiok berezko dugun ezaugarri komuna da zaintza beharrarena eta elkar-menpekotasunarena.

Menpekotasunaren irudikapenak eta esanahiak aztertu dituzu elkarrizketen bitartez. Nolako profilak topatu dituzu? Zer ondorioztatu duzu?

26 elkarrizketa egin ditut zaintza harreman eta praktikekin egunerokotasunean inplikatuta zeuden pertsonekin, zaintza familiartean bizi izandako pertsonekin, etxeetan zaintza lanetan ibili diren emakumeekin eta egoitzetan bizi ziren adinekoekin. Helburua izan da posizio desberdinetatik fenomeno hau nola bizi eta ulertzen zen ezagutzea.

Hasieran, kulturalki barneratuta dauzkagun ideietara hurbiltzeko, zahartzaroko menpekotasunaz pentsatzean burura zetozkien lau hitzak eskatzen nizkien.

Besteak baino gehiago errepikatzen zen hitzik badago?

Zahartzaroari lotutako irudikapen sozialei buruzko ikerketek erakusten dutenaren bidetik, zahartzaroa modu anbibalentean irudikatzen dugu eta esanahi desberdinak agertu dira. Batetik, ideia edo esanahi positiboagoak, adinean aurrera joan ahala irabazitako jakintza eta bizi esperientziak, adibidez, adinekoei estatusa aitortzen dietenak eta beste kultura batzuetan indar handiagoa dutenak.

Bestetik, esanahi negatiboak ere azaleratu dira. Hala nola, bakardadeari, osasun kognitibo eta fisikoaren gainbeherari, menpekotasun egoerari eta gaixotasun edo heriotza prozesuei lotutakoak; hau da, emozio tristeei lotutakoak.

Menpekotasunaz negatiboki hitz egiten zuten. Badago atentzioa eman dizun ezer?

Oso ikuspegi negatiboa daukagula, oro har. Iruditegi negatibo eta estigmatizatzaile horiek populazioaren zahartzeari lotutako hainbat diskurtsoren testuinguruan nabarmen hedatu dira. Menpekotasuna linealki zahartzaroarekin eta ezgaitasunarekin edo aniztasun funtzionalarekin lotzeko joera bat dago.

Irudikapen horrek indarra dauka, are gehiago produktibitateari, gaztaroari eta autosufizientziari lotutako balioak hegemonikoak diren jendarte honetan. Irudi horren aurrean, zaintzaren etikari lotutako ikuspegiek menpekotasunaren izaera positiboagoa bultzatzen dute. Autonomiaren ikuspegi neoliberal horrekin pixka bat hautsi eta menpekotasuna, zaurgarritasuna eta harreman sozialak ulertzeko beste era bat proposatzen dute, pertsonaren kontzepzio erlazionalagoa bultzatuz.

Kontraesanak topatu dituzu?

Hiru dimentsio edo mailatan egituratu ditugu. Lehen dimentsioan maila soziokulturalean balio eta bizimodu familiarista edo indibidualista eta autonomoagoek talka egiten zuten eta ikusten zen lan merkatuaren eskakizunak gailentzen zirela zaintza lanen eskakizunen aurrean.

Bigarren dimentsioan, antolaketa sozialari dagokionez edo erakundeen testuinguruari lotuta, zaintza lanei lotutako esanahien gatazka ageri da.

Hirugarren dimentsioan, zaintzaren inguruan garatzen diren harremanei lotutako tentsio edo kontraesanak agertzen dira. Zaintzaile, zaindu eta familia enplegatzaileen arteko harreman horietan aldi berean kudeatzen baitira afektuak eta harremanak, askotan eramaten zailak direnak, baita lan harreman desorekatuak ere, eskubide sozialei eta zaintzaren mugei dagokienez.

Genero ikuspegitik zein elementu nabarmendu beharko genituzke?

Zaintzari lotutako errealitateak ezin dira ondo ulertu edo kokatu generoaren ardatza kontuan izan gabe. Horrekin batera, klase sozialaren eta migrazio estatusaren ardatzak ere aintzat hartu behar dira.

Oro har, nabarmenduko nituzkeen elementuen artean zaintzaren banaketari dagokiona dago. Zaintza lana modu desorekatu eta bidegabean banatzen da familiaren eta estatuaren, administrazio publikoen, merkatuaren edo komunitatea bezalako beste eragileen artean. Emakumeak esparru guztietan dira protagonista. Are gehiago, bertako emakumeengandik etorkinenganako eskualdatze bat ematen ari da.

Zahartzaroaren feminizazioa ere aipatuko nuke. Gizonekin alderatuta, nahiz eta luzaroago bizi, baldintza okerragoetan zahartzen dira emakumeak, bai harreman sozialei bai osasun egoerari lotuta, baita diru sarrerei dagokienez ere.

Zaintza sistema nolakoa dela esango zenuke?

Oro har, esango nuke zaintza sistema ahula dugula. Gero eta handiagoak diren zaintza beharrak modu desproportzionatuan jauzten dira familiengan eta emakumeengan, eta horiei erantzuteko politika publikoak, menpekotasunaren legearekin batera eta zerbitzuen bidez garatu diren arren, ez dira nahikoa eta ez dira gizarte osora iristen.

Gainera, administraziotik arreta zerbitzuak indartu ordez, familien prestazioak gailendu dira. Horrek ez du laguntzen zaintza familia esparrutik ateratzen, zaintzaileei lan baldintza egokiak eskaintzen eta profesionalizatutako arretak eskaintzen.

Kasu askotan, gainera, familiek laguntza ekonomiko hori baliatzen dute norbait kontratatzeko eta lan horiek eskatzen duten sakrifizio eta denbora kontuan hartuta, lan baldintza eskas eta gogorrak izaten dira.

Hortaz, gaur egungo gizartearen behar eta balio eraldaketarekin bat etorri beharko litzateke aldarrikatzen den zaintza sistema publiko eta komunitario hori.

Balioen inguruko aldaketa ere egin beharra dago, zaintza duinagoa izan dadin?

Bai, oro har, balio demokratiko, berdinzale eta humanoetan oinarritutako zaintza sistema bat defendatu beharko genuke. Demokratizazioari lotuta, feminismotik esaten den bezala, garrantzitsua izango litzateke testuinguru guztietan zaintzak duen zentralitatea aitortzen jarraitzea eta arreten unibertsalizaziora jotzea, gizonezkoak ere gehiago inplikatu daitezen.

Bide beretik, kontzientzia handiagoa hartu beharko genuke elkarren arteko harremanez, komunitate loturez eta pertsona izatea eta bizitza duin bat eramatea ahalbidetzen diguten gorputz horiez guztiez.

Osasungintzaren eta zaintzaren pribatizazioa arriskutzat jotzen duzu?

Bai, gaur egun osasungintzan edo zaintzan bizi dugun egoera zerbitzu publikoak higatzearekin eta politika neoliberalen gorakadarekin lotzen dut. Azken hamarkadan ongizate sozialera bideratutako politikak kaltetzen ari dira. Horren isla dira langileen protestak, nik neuk zein inguruan hautematen dugun arreta falta eta zerbitzu publikoenganako desafekzioa.

Gainera, COVID-19aren krisian bizi izandakoaren ondoren, gizarte mailako eta erakunde publikoei begirako mesfidantza areagotu egin da eta horrek kohesio soziala urratzen du.

Azaroaren 30ean greba feminista orokorrera deitu du Bizitza Erdigunera koordina-kundeak. Herritarren presioa behar da auzi honetan aurrera egiteko?

Bai, zalantzarik gabe. Guztiz beharrezkoa eta garrantzitsua da aldarrikapen hori agenda politikora eramatea. Horretarako, grebara deitzea tresna garrantzitsua da, gaia sozializatzeko, erakundeei presioa egiteko eta arduradun politikoek ere dagozkien neurriak hartzeko. Eta norbanakoek eta eragile sozialek, bakoitzak bere alorretik, kontzientzia hartu eta aldaketak bultzatzeko ere bai.