«Balioa eman nahi genion diskoari eta artelanarekin osatu dugu»
Aiert Agirre, Imanol Jareño eta Iker Hernandez dira Dube taldea osatzen duten kideak. Aspalditik dabiltza elkarrekin Durango eta Berrizko gazteak, baina orain atera dute lehen diskoa, ‘Ezer ez da’. Udan ez dute kontzerturik eskainiko, baina udazkenaren bueltan egurra banatuko dute.
This browser does not support the audio element.
Egun on Aiert, zer moduz?
Ondo eta zu?
Ondo, ni ere, zu bezala festetarako prest. Halako deiadar bat du sarrerak, soinu berezi bat, baina horrela izan zen hasieratik?
Berezi tinbalekin hasi behar zuen, baina nire urtebetetzea izan zen eta ‘whamy’ bat oparitu zidaten, jolasean aritu nintzen eta horrela hasi da.
Dube taldea, ordea, ez da hasiberria.
Batxilergoan hasi ginen elkarrekin Eñaut Armentia, Iker Hernandez eta ni eta instituturako blues abesti batzuk prestatu genituen. Gero kantuak sortzen hasi, Iker Olabegoia batu eta urte batzuk egin genituen. Gero Eñaut jazz mundura bideratu zen eta Musikenen zebilen, orduan sartu zen Imanol Jareño. Handik urtebetera Iker Olabegoia Iruñera joan zen Goi Mailako musika ikasketak egitera bertako kontserbatoriora. Hortaz, gaur egungo hirukotea izatera pasa ginen.
Berriz herri musikaria dela argi ikusten da.
Bai, gaztetxeak ere indar handia izan du musikaren bueltan eta denon artean saiatu gara gure eszena zaintzen.
Behin hau aipatuta, Dube izena nondik datorren jakitea ere nahiko nuke.
Hasi ginenean Scrath deitzen ginen, norbegiarrez irribarrea esan nahi zuena. Baina lehen kontzertuaren atarian zalantzan jarri genuen izena eta izenik gabe geratu ginen. Eñautek orduan esan zuen bi durangar eta bi berriztar izanda, Dube izan zitekeela. Bada, horrekin geratu da.
Disko iluna dela argi ikusi dugu, eta ‘Ihesean’ kantuan zerri edo nori ihesi zabiltzate?
Gure barrutik egiten dugu berba asko eta guk ematen ditugun kontzertuak, egiten ditugun entseguak eta abar, gure une txarretatik ihes egiteko baliagarriak zaizkigu. Musika terapia moduan erabiltzen dugula, alegia.
Riff itsaskor baten gainean eta baxua eta gitarra unisonoan doaz hemen.
Bai, dena blokean doa. Modu berezia daukagu kantak sortzeko. Batzuetan nik eramaten ditut ideiak gitarra eta ahotsa lantzen ditudalako, baina askotan taldekideren bat zerbait jotzen hasten da eta horren gainean besteok sartzen gara, bada ideiak sortzen dira. Pentsa, kontzertuetarako entseatuz ibili gara eta udarako lauzpabost lantzeko ideia sortu dira horietan. Behin egitura bat ikusten dugunean, ekoizpenean asteak edo hilabeteak pasa daitezke.
Kantu honen bukaeran eta ez honetan bakarrik, halako eztanda gitarreroak entzun ditzakegu.
Bai, ohiko egituretatik ihes egin eta ez saturatzeko horrelako bukaerak egiten ditugu, nondik gatozen erakusteko. Ahotsarekin eta letrekin garrasi asko egiten dugu, bada gitarrarekin ere garrasi modukoak egin nahi ditugu.
Zerbait desberdin hasten da ‘Malkoak’ kantua. Bateriaren eztanda bat eta barealdia segidan. Dinamikak maite dituzue.
Bai hori da, oraindik asko dugu hor ikasteko, baina saiatzen gara.
Eta tempo erdiak maite dituzue.
Bai eta dinamiketarako ongi etortzen zaigu. Bonbo-kutxa klasiko batetik erdiko tempo horietara moldatu, indarra beste modu batean bilatu eta horrela ibiltzen gara.
Lehen singlea izan zen.
Bai, hala da. Jareño sartu aurretik ya hasi ginen hau lantzen, hortaz, zaharrena dela esan daiteke. Lehen maketa nahikoa bluesero bat atera genuen eta ingelesez, hortaz, ez genion bonbo handirik eman. Abesti hau hasieran bi gitarrarekin zen eta beste modu batetara, power trio izatera pasa ginean eman genion oraingo indarra eta forma.
Hortaz, egun tendentzia izaten ari denaren kontrara egin duzue lan. Zuzenekoak eta gero diskoa.
Bai, egin daiteke gisa horretara. Euskal Herrian zortea dugu gaztetxe eta aretoak baditugulako, baina geroz eta konplikatuagoa dago hori ere. Durangon, Iurretan, Berrizen... asko jo dugu. Gero Zingira kanpinera esaterako joateko aukera ere izan genuen eta halakoetan dirutxo bat metatzen joan ginen, diskoa grabatzeko aukera izan arte. Hau da, lana egin dugu gure musikarekin gero proiektu potente honetan sartu ahal izateko.
Kantua berriz barruko minaz ari da.
Bai, kezka eta egonezinak musikaren bitartez konpondu direla dirudien arren, barruan beti geratzen da zerbait gordeta.
Segidan datorren ‘Ezer ez da’ kantuan errepika ohikoena dago. Gainerakoan, ordea, hustasun asko, ahotsari espazioa emateko.
Iker hasi zen kantu honetan. Grunge ukitua badu gure musikak eta kantu honek badu iluntasun hori guztia. Bateriatik hasi zen eta gitarra solte ilun horien atzetik errepika hori etorri zen, nahikoa sinplea izan zen.
Kantu ilunak aipatzen dituzu, baina melodikoagoak dira segidan datozenak. Letretan ilunak dira, ordea. Garaiak markatutako zerbait izan da?
Ni esaterako Palentzian bizi nintzen, baso-ingenieritza ikasten, eta nahiz eta astero etortzen nizen etxera, ez zen samurra. Palentzian ez neukan nire afizio horiek lantzeko aukerarik eta etorri nintzenean barruko guztia ateratzen hasi nintzen eta taldekoak ere bazuten zer atera. ‘Ezer ez da’ kontzeptua hortik dator eta diskoaren azalean erakutsi dugu. Hiru lore agertzen dira bertan lorontzi batean, zutik eta ondo gaudela irudikatzen du, baina kontrazalean lehertzen ikusten gara, alegia, ez dela dena ikusten den bezala.
Ilustrazioan eta lan dezente eginda dago, lapitz-margoekin dago eginda?
Berrizko lagun baten osaba, Karlos Berrizbeitia, margolaria da. Dena mihise gainean zeukan eginda, ordenagailu bidez ez duelako erraztasunik egiteko. Baina mihisean egindako dena margoekin eskuz egin zuen berriro eta guk ahal dugun moduan maketatu genuen gero dena diskorako. Balioa eman nahi genion diskoari eta artelanarekin osatu dugu.
Bidean asko ibili zarela diozu, eta ‘Galderak’ kantuan badirudi bidea bat eta bakarra dela diozula. Ez dago beste biderik?
Irten daiteke bide horretatik topatuz gero, baina ez da erreza.
Soinuan badago xehetasun bat, tinbalak ezker eskuin mugitzen direla, ikusi egiten da ia ia bateria-jotzailea.
Bada, ez dakit, Eñaut Gaztañagarik nahi duena egiten utzi diogu eta ez naiz askorik fijatu gauza horietan.
Zu gitarra-jotzailea izanda, Eñauti gomendioak egiten utzi diozu edota zu ibili zara esperimentazioan?
%100ean Eñauten kontua da. Nik pedal askorekin jolastu dut, baina ezjakintasunetik. Ez dut sekula askorik sakondu egia esanda. Pedal asko neuzkan eta Eñautekin hizketan bere pedalekin hasi ginen jolasten. Estrofatan OCD overdrivearekin edota fuzz batekin hasi ginen, baina errepiketan biak batera sartzen genituen. Horrez gainera, beste ukitu bat emateko, ‘Centura’ pedalaren erreplika bat erabili genuen. Baina gero reverba, phaserra, delaya, octavizerra edota wah erabili ditugu,. Gauza asko, alegia.
«Lololo» momentua ere bada diskoan.
Bai, momentu festibalero hori ere bilatu dugu, publikoak parte hartu dezala.
Beldurraren zera hori agertzen da berriz, beti gara beldurraren preso?
Batzuetan gai ez garela uste dugunez, segurtasun ez horretatik jokatzen dugu eta batzuetan hutsera egin behar da salto.
Hor bi aukera daude, hegan egin edo ez egitea. Diot, ‘Hegan’ kantuak ematen diolako jarraipena diskoari. Txeloa entzuten da bertan Nerea Aizpuruaren eskutik.
Zuzeneko lehen aurkezpenean, 360 graduko formatuan, gurekin izan zen, akaso soinu aldetik ideiarik onena ez bazen ere. Argi ikusten genuen aukera hori, eta Nereak, makina bat denez, kantuari asko eman dio.
Hegan bai, baina nori jarraika?
Harreman batean izandako esperientzia baten ondorioz sortzen da kantua. Nora goaz, nora zoaz, nora noa; hori, bada laburbiltzen duena hori da. Alegia, zerbait ona ez denean baina hala ere atzetik joateko beharra sentitzen duzuenean, amorrazio hori sortzen da eta kontatzen dena da leherketaren ondorioa. Ez da ezer ere jarraitzen.
‘Ictu’ astuna ez den baina metal kutsua duen kantua da.
Nik ez dut musika eskoletan eta ikasi eta entzuten ari naizenaren arabera sortzen ditut kantuak. ‘Malkoak’ Etxekalte asko entzuten ibili izanagatik sortu da, besteren bat Nirvanaren eragin argikoa eta metalarena ere badago, ni ere joan naizelako Resurrection Festera. Edota ‘Hegan’ kantuan, Red Hot Chili Peppersen eragina garbia da.
Kantuaren titulua bitxia da.
Eztanda ez genion jarri nahi eta itzultzailea erabiliz, latinean Ictus agertu zen eta horregatik Ictu jarri genuen. Abestiak badu halako eztanda bat eten baten ostean, errepikak baino indar gehiagorekin gainera, eta gustatzen zaigu.
Edizio fisikoa non eskuratu daiteke?
Kontzertuetan soilik momentuz, baina moldatu gaitezke norbaitek etxean jaso nahiko balu ere. Plataforma digitaletan dago bestela eskuragarri.
Kontzertuak nola dituzue?
Hamar inguru eman ditugu eta beste batzuk atzeratu eta egin dira arazo batzuen ondorioz. Udan atsedena hartu nahi genuen eta urritik aurrera beste batzuk lotu ditugu. Disko aurkezpena egiten hasi ginenean, etxetik kanpora ere dei batzuk jaso ditugu Donostia ingurutik edota Iparraldetik. Guretzako hori sekulakoa da, guk bilatu gabe halako deiak jaso izana.
Segi ilun baina tinko, zutik erortzen segi.
Hori da, eskerrik asko!