«Nafarroan torturatuen errolda bat osatzea da garrantzitsuena orain»
16/2019 Foru Legearen bidez Nafarroan torturaren errealitatea gizarteratu asmo du Torturatuen Sareak. «Estatuaren bortizkeriak Nafarroaren suposatu duenaren argazki orokor bat» lortzea da helburua Jorge Txokarroren esanetan eta horrek aitortzari bide eman diezaiola.
This browser does not support the audio element.
Nafarroako Torturatuen Sareko Jorge Txokarrorekin eta Egiari Zor Fundazioko Eneko Etxeberria Jose Miguel Etxeberria ‘Naparra’ren anaiarekin elkartu gara ekianaren 26ean ospatzen den Torturatuen babeserako nazioarteko egunaren harira.
16/2019 legearen bidez Poliziaren biktima izan diren pertsonen espedienteak aztertzen ari da une honetan Nafarroako Gobernua. Etxeberriaren esanetan, egiteke dagoen bide luzean «hasierako pauso bat» da legea, «bere akats eta gabeziekin Estatuaren biolentzia jasan dugunak bistaratzeko lanabes bat da». Txokarrorentzat Nafarroan azken hamarkadetan gertatu denaren erreadiografia bat osatzeko ezinbesteko legea da eta Torturatuen Sarearen helburua da «amaieran irakurketa orokor bat egotea». Tramitazio fasean biktima izaera zenbati onartzen dioten ikusteke egon arren, Txokarrorentzat «argazki orokorra» da garrantzitsuena, horrek ahalbidetuko duelako «instituzioetatik aitortza bat egitea».
Nafarroako Torturatuen Sareak egin du jada bere ikerketa, 1960 eta 2015 urteen artean 1.068 tortura kasu eta 882 erregistratu ditu. Lan handia egin behar izan dute errolda osatzeko, kasu batzuetan gainera torturak pairatu zituztenak hilda daude eta senideekin egin behar izan dute lan, hainbat kasutan torturatuek etxekoekin ere konpartitu ez zuten arren jasandako sufrimendua. Esfortzu handiarekin, beraz, eta lanean segiz, orain adibidez Erriberan daude zentratuta, torturaren errealitatea hein handi batean dokumentatu dute jada.
Gobernuak egingo duena ikusteke, Txokarrok azpimarratu du legealdi amaierarako finkatu dutela helburua, «Estatuaren bortizkeriak Nafarroaren suposatu duenaren argazki orokor bat, horren inguruko aitortza izatea eta nafar gizarteak ikustea herri honetan zenbat sufrimendu izan den Estatuaren aldetik». Instituzio publikoen egitekoa oso garrantzitsua dela azpimarratu du: «Nafarroako Gobernuak adierazpen bat egin beharko du esanaz tortura existitu dela, sistematikoa izan dela eta tortura jasan dugunok erreparazioa behar dugula».
Froga «bakarra», testigantzak
Arlo judizialak torturatuen kasuan inolako pausurik eman ez duenez, Txokarrok aitortu du «ezer gabe» joko dutela biktima eskaera egitera. Inpunitatearen ondorioz biluzik daudela baieztatu du eta torturatu bati ezin zaiola «burokrazia edo kredentzialik, frogarik» eskatu, bere testigantza delako duen bakarra.
Fokua Hego Euskal Herrian
Txokarrok ez du uste Estatuaren aldetik aitortzarik iritsiko denik. «Ezinezkoa da, Estatuak ez ditu inoiz pauso ausartak ematen». Euskal Herrian du esperantza, «Hego Euskal Herrian bai, eragin dezakegu, gizartea ezberdina delako eta badakielako Estatuaren bortizkeria nolakoa izan den. Hemen dugu borroka, instituzioak ari dira poliki-poliki bada ere bidea zabaltzen, beste ahots batzuk errelatoaren baitan kokatzen, hor egon behar gara du, gure egia eta bizipenak mahai gainean kokatu beharko ditugu». Etxeberriak gaineratu du edozein lorpen gizartearen bultzadatik iritsiko dela; «gizartearen presiorik gabe agintariek ez dute pausorik emango».
43 biktima mortal
16/2019 legearen baitan 43 biktima mortal jaso daitezela eskatu du Egiari Zor Fundazioak. Etxeberriak azaldu du kasuak anitzak direla, segurtasun indarren kontroletan hildakoak, manifestazioetan zendutakoak, ke poteen ondorioz itotakoak, «gerra zikinaren edozein siglak» hildakoak, ‘Basajaun’ kasu, bortxazko desagertzeak, bere anaia kasu, nahiz torturaren ondorioz hildakoak.
Jose Miguel Etxeberria ‘Naparra’ren kasuaz galdetuta, anaiak gogoratu du Landetan egiteko den bigarren indusketaren zain jarraitzen dutela. Cesideko ustezko agente ohi baten testigantzan oinarrituta, Pako Etxeberria forentseak gorpua bilatzeko bi puntu markatu zituen. 2017an egin zen lehen indusketa, familiaren deiari erantzunez Espainiako Auzitegi Nazionalak Estatu frantziarrari eskaera bideratu ostean. Ez zen ‘Naparra’ren gorpua aurkitu eta 2018an bideratu zuen Auzitegi Nazionalak bigarren indusketa egiteko erregu komisioa. Baina zain daude ordutik, «ez dakigu zergatik Frantziak ez du ezer egin, esperoan gaude».
Sekretu ofizialen legea erreformatzea ere garrantzitsua litzateke heriotza nahiz desagerpen kasuak argitzeko baina Etxeberriak dio Estatu espainiarrak ez duela inolako borondaterik, «zulatu ezina den horma bat da». Azken legealdian, frankismo garaian, 1968an onarturiko legea erreformatzeko «saiakera bat» egon dela gogoratu du baina ez dela halakorik lortu. «Berdin da zein gobernu dagoen, estatu afera da, borondate politikoa falta da egia osoa jakiteko».