«Umeek ikusiz ikasten dute eta gurasoek ere bai»
Etxetik jaso zuen Miriam Mendozak ipuinak kontatzeko zaletasuna. Amari entzuten zizkion kontakizunak gogoan zituela iritsi zitzaion 2006an haurrei ipuinak kontatzeko proposamena eta gaur egun horretan dihardu oraindik ere.
This browser does not support the audio element.
«Nire amaren istorioetatk edan dut. Ipuinak irakurri eta gustuko nituenak nire egin ditut». Hortik abiatu zen Mendoza eta beste kontalariak entzutera joateko grina beranduago sartu zitzaiola onartu digu. «Etxean jasotakoak emozionalki gehiago lotzen gaitu. Nork kontatzen dizunaren arabera, sentimendu gehiago eragiten dizkizu».
Hiru urtetik gorako haurrentzat kontatzen ditu ipuinak Mendozak. «40 minututik gorako kontakizunak egiten ditut eta gutxieneko adin bat izatea ezinbestekoa da arretari eutsi ahal izateko. Dena den, beraiekin konexioa mantentzen baldin baduzu, errazagoa da haurrek arreta mantentzea».
Guraso talde batek haurrei ipuinak nola kontatu ikasi nahi zuen Deban eta Mendozarengana jo zuten. «Gurasoek haurrei ipuin errazak kontatzeko hautua egiten dute. Nik, hain errazak ez direnak kontatu ahal izateko trukoak erakusten dizkiet eta harrituta geratzen dira. Umeek ikusiz ikasten dute eta gurasoek berdin».
Ipuin bat kontatuz amaitu du Miriam Mendozak Bigarren Kafean eskaini digun elkarrizketa.