IRRATIA

«Ariketa honek gure egunerokotasuna beste era batean egitera bultzatzen gaitu»

Zortzigarren eguna du gaurkoa Ipar Euskal Herriko 1500 haur eta nerabe egiten ari diren ‘10 egun pantailarik gabe’ ekimenak. Aisialdian pantailarik ez erabiltzea du jomuga eta sustatzaileetako bat den Eneko Jorajuriak ondorio positiboak uzten dituela kontatu digu Bigarren Kafean.

Azken urteetan, hamar egunez pantailarik gabe egoteko kanpainak egin dira Ipar Euskal Herriko eskoletan.

This browser does not support the audio element.


Proiektua 2003an jarri zuen martxan Jacques Brodeurrek Quebecen eta urtez urte milaka ikastetxe eta institutuk hartu dute bere gain erronka. «Ariketa zaila da. Urtero egiten dugu baina haurrek zaila dela esaten digute» Jorajuriak aitortu duenez. Dena den, zalitasun horrek motibatu ere egiten dituela esan digu. «Gurasoekin, irakasleekin eta herriko elkarteekin dena antolatzen dugu eta proiektu polita ateratzen da; irudiz, parte hartze handia da eta haurrak motibatuta daude».

Pantailaren aurrean ordu asko pasatzeak ondorio ezberdinak dituela esan digu Jorajuriak. «Osasunarentzat kaltegarria da eta gurasoei lagundu behar diegu pantailaren aitzinean pasatzen duten denbora murrizteko. Horretarako gure baitan ditugun gaitasunak indartzen ditugu eta deskonexio digitalaren gustua lantzen dugu». 

Urtero galdeketak egiten dituzte guraos eta haurren artean eta ondorio positiboak ateratzen dituzte. «Gurasoek esaten digutenaren arabera, erronkak badu eraginik bizitza ohituretan. Gurasoen %99ak eskolek erronka hori berriz proposatzeko eskatzen dute».

Haurren begirada kritikoa ere zorrozten du hamar egun pantailarik gabe egoteak. «Ikusten dituzten edukiek badute eragina. FIlmetan edo marrazki bizidunetan bortizkeria agertzen bada, ikusten dugu teknika horiek eragina dutela gure baitan.

Erronka haurrek egiten dute baina gurasoei ere eragiten die. «Ohartzen gara haurrek egiten dutela erronka baina gurasoak ere beste modu batera antolatzen direla; bereziki amak. Ikerketek maiz erakusten dute haurretan bizi ohiturak aldatzen direnean, gurasoenak ere aldatzen direla».

Entzun Eneko Jorajuriarekin Bigarren Kafean izan dugun solasadia.