IRRATIA

«Hainbat gazterentzako Iñigo Muguruza deskubritzeko modua izango da beka»

Ekainaren 30era bitartean bidali daitezke lanak ‘Paradisu Zinema’ beka deialdira. 2019ko irailean hil zen Iñigo Muguruza musikariaren omenez sortu dute beka Elkar argitaletxeak, EHZ festibalak eta Antxeta irratiak. Beste inon aurkeztu ez diren euskarazko abestiak aurkeztu ditzakete musikariek.

This browser does not support the audio element.


Elkar argitalatxeko Andres Camio ‘Jitu’ izan dugu Bigarren Kafean. «Badirudi ekimenak harrera ona izan duela eta hasi gara proposamenak jasotzen. Dena den, ekainaren erditik aurrera, azken egunetan, askoz gehiago jasotzea espero dugu». Jaso dituzten proposamenen artean «denetik» dagoela adierazi du. Talde berrien lanak eta bigarren edo hirugarren diskoa prestatzen ari diren taldeenak jaso dituzte. Irailean emango dute proiektu irabazlearen berri.

EHZ festibalarekin eta Antxeta irratiarekin elkarlanean antolatu dute beka deialdia. «Bakoitzak bere ikuspuntutik egin dio ekarpena egitasmoari. Guk lanaren ekoizpenaren alorra landu dugu, irratiak bere ikuspuntua eman digu eta festibalak kontzertua eskaintzeko espazioa eskainiko dio proiektu irabazleari».

Iñigo Muguruzaren figuraz aritu gara ‘Jiturekin’. «Iñigo musikari aparta, konposatzaile handia eta oso pertsona maitagarria izan zen. Maisu bat gitarrarekin eta baxuarekin». Hainbat parte hartzailerentzat erreferente izango da Iñigo Muguruza baina belaunaldi berriek bera deskubritzeko modua ere izango dute beka deialdi honen bidez.

Entzun Andres Camio ‘Jitu’rekin izan dugun solasaldia.