IRRATIA

Identitateak zirikatzeko prest

Eskarmentu handia dute gai arantzatsuak umorearen begiradatik jorratzen Ane Zabalak eta Galder Perezek. 30 urteko ibilbidea egin dute Gilkitxaro antzerki taldekoek. Ostiral honetan, lan berri bat estreinatuko dute: Lutxo Egiaren 'Identitarteak'.

Lutxo Egiaren 'Identitarteak' oholtzaratuko du Gilkitxaro konpainiak (Gilkitxaro Antzerki Taldea)

This browser does not support the audio element.


ETAren Agiri Bulegoarekin oholtzaz oholtza aritu ostean, antzezlan berri bat du Gilkitxaro antzerki taldeak eskuartean. Ostiralean ‘Identitarteak’ obra estreinatuko du konpainiak Lemoako Kotxepin Antzokian. Finn eta Seric pertsonaiek jolas bat proposatuko digute, identitateen inguruan galdera zaharrak zein berriak plazaratzeko asmoz. Genero-identitatea izango dute hizpide, baina baita bestelakoak ere, euskalduntasuna, esaterako. Ikuslea zirikatuko dute; eta Gilkitxaroren lanetan ohikoa den bezala, komedia eta kabareta ez dira faltako.

Lutxo Egiaren testua izan dute oinarri. Oholtza gainera Ane Zabala eta Galder Perez igoko dira, baina oraingoan, laguntza berezia izango dute: Aitor García de Vicuña ‘Gartxito’ musikaria haiekin izango da musikarekin eta bestelakoekin jolasean.