«Bertan geratzen direnentzat zein kanpotik datozenentzat eskaintza txukuna prestatu dugu»
Hirugarren ekitaldia izango du aurtengoa Jeajea kultur elkarteak antolatzen duen Tolosako Tolofolk jaialdiak. Gaurtik igandera bitartean etxeko zein nazioarteko artista ugari pasako dira bertatik eta ardatz nagusia zuzeneko musika izango den arren, bestelako ekintzaren bat ere izango da.
This browser does not support the audio element.
Manex Urruzola eta Garikoitz Llobregat antokakuntzako kideak izan ditugu Bigarren Kafean eta beraiekin etorri da Xavi Lozano, jaialdiko lehen kontzertua eskainiko duen musikaria. «Lehenengo urtetik formatuarekin eta datekin asmatu genuen eta horri jarraipena ematea da gure intentzioa» Urruzolak adierazi duenez. Llobregaten aburuz «data hauetan hemen inguruan geratzen denarentzat kultur eskaintza txukun bat eskaintzen da eta kanpotik datozenentzat ere interesgarria izan daiteke».
Xavi Lozanok gaur eskainiko duen kontzertua «ganberrada» moduko bat dela esan du Llobregatek. «Instrumentu asko uztartuko ditu eta sakoneko oinarria duen emanaldia izango da». Lozanok lema nagusi bat du. «Mundua tutuz beteta dago». Era guztietako tutu eta tresnak hartu eta instrumentuak sortu ditu Lozanok.
Bihar Joxe Manuel Agirre instrumentugile tolosarrak hitzaldi bat eskainiko du kultur etxean 18:00etatik aurrera. Bere ibilbide oparoaren inguruan ariko da Agirre. Gaueko 23:00etan Pulipiño Viascon galizarraren emanaldia izango da Fronton tabernan. Orkesta gizon honek Xabi Malbadi eta Agus Barandiaran trikitilariak izango ditu lagun oholtzan.
Larunbat eguerdian Kalepoza ekimena egingo dute Tolosako kaleetan. Herriko txaranga, txistulari, dultzainero eta bestelako musikari ugari aterako dira kalera eta Pulpiño Viascon ere beraiekin izango da. Arratsaldeko 18:30ean Obaneuke taldearen erromeria izango da Plaza Berrian eta 20:00etan Texasetik datorren Max Baca & Los Texmaniacs taldearen kontzertua izango da leku berean.
Iganderako beste euskal artista sonatu baten emanaldia iragarri dute 19:00etarako Berdura plazan. Juan Mari Beltranen kontzertua izango da laukote formatuan aurtengo ekitaldia amaitzeko.
Entzun Tolofolk jaialdiaren inguruan Bigarren Kafean izan dugun solasaldia.