IRRATIA

Baztango eta Baigorriko gazteen arteko harremana berreskuratzeko topaketa egingo da Amaiurren

Baztango eta Baigorriko gaztetxoek elkarren arteko harremanak indartzeko topaketa bat egingo dute asteburu honetan Amaiurren ‘Nor bizi da Izpegiren bertze aldean’ lelopean.

This browser does not support the audio element.


«Mugaren inguruan beti izan da joan-etorrirako joera. Lehen bazen harreman bat eta horri segida eman nahi zaio» esan du Bigarren Kafea saioan Kristina Urrutia Baztango Udaleko esukara teknikariak. Asteburu honetan Amaiurren egingo den topaketa aurkeztera etaorri dira Urrutia eta Bixente Hirigarai, azken hau Baigorriko euskara teknikaria da. Baztan-Amaiur mugaz bestaldeko harremana garai bateko nekazaritzari lotua zegoen. Baina ezin da alde batera utzi  «gerratik ihesi zebiltzanei eta kontrabandoari» lotutako harremana ere. Arrazoiak arrazoi, bi herrien arteko harremana ahuldu egin da azken urteetan eta hori berreskuratu nahi dute asteburu honetan Amaiurren egingo diren topaketekin.

Bixente Hirigaraik lanketa gazteekin egiteko erabakia zergatik hartu duten azaldu digu. «Beraiek dira etorkizuna. Hemendik urte batzutara beste modu eta egoera batzuetan harremandu beharko dute eta orain Baigorritik Baztanera joateko ohitura hartzen badute, horrek lagundu egingo die etorkizunean».

Bi herrietan pozik azaldu dira ekimenak gaztetxoen aldetik jaso duen erantzunarekin. Baigorrin azken unean izan du gorakada izena emateak eta Baztanen berriz, hasieratik animatu ziren. Gaia gaztetxoei aurkezteko moduarekin asmatu dute eta orain jarduerekin asmatzeko itxaropena dute.

Mendi martxak egingo dituzte, dokumentalak ikusiko dituzte eta bestelako jarduerak ere izango dituzte. «Historia ezagutarazi nahi diegu eta baita memoria historikoaren inguruan jardun ere. Horretarako jarduera ezberdinak prestatu ditugu, 11 eta 15 urte bitarteko gazteengana egokitutakoak».