IRRATIA

Moilak, tradizioz berritzaile

Otsailaren 16an ‘Moilak. Tradizioz Berritzaileak’ erakusketa inauguratu zuen Donostian kokatua den Euskal Itsas Museoak. Euskal portuek azken bi mendeetan izandako bilakaera eta ekarpen berritzailea du aztergai. 

‘Moilak. Tradizioz Berritzaileak’ urtarrilaren 26ra arte bisitatu ahal izango da (Euskal Itsas Museoa)

This browser does not support the audio element.


Galdera bat luzatu nahi dio publikoari Euskal Itsas Museoak: Berrikuntza al da gure tradizioa? Moilak edo portuak etengabeko berrikuntza ekonomiko, sozial eta teknologikorako guneak izan dira euskal kostaldean. Baina babesleku edo egonleku ere izan dira. Unean uneko gizartearen nolakotasunera eta testuingurura moldatuz joan dira moilak; jendartearen ispilu dira hein handi batean. Egun, aisialdirako jarduerak ezaugarritzen ditu geroz eta gehiago.

Bi arlotan banatu du itsas museoak erakusketa. Lehenak, kontzeptueni inguruko argipenak eman nahi ditu: moila, itsasoa edota berrikuntza terminoen inguruko hausnarketak bildu dituzte. Bigarren atalak, portuen bilakaerari erreparatzen dio.

Erakusketa Euskal Itsas Museoaren funtsetan oinarrituz osatu dute, baina bestelako erakunde eta enpresen piezak ere baliatu dituzte. Hala nola, Gordailua, Aquarium, Filmoteca Vasca, ZIIZ, Guascor S.A., eta Getariako Arrantzaleen Elkano Kofradiakoak. Maketak, makinak, arrantza-tresnak, koadroak, grabatuak, eskulturak, argazkiak, filmak, pieza arkeologikoak, dokumentuak... Askotarikoak dira bildutakoak.

Erakusketa doan bisitatu ahalko da 2024ko urtarrilaren 26ra arte. Martxotik aurrera, gainera, hamaika jarduera antolatuko dituzte museoan zein museotik kanpo; topaketak, bisita gidatuak, emanaldiak, familia-tailerrak eta bestelakoak.