IRRATIA
Interview
Beñat Ruiz
Natural Project taldeko gitarra-jotzailea

«Uda alderako, taldeak 30 urte betetzen dituenez, jaialdi moduko bat prestatzen gabiltza»

Halako remix bat egin zuten entramos suave y vamos viendo abestiarena eta gisa horretara hasiko dugu gaurko elkarrizketa. Poliki eta su txikian egosten den musika egiten duen talde horietakoa baita Natural Project. Olabista izeneko diskoarekin datoz.

 

Estanis Elorza, Beñat Ruiz, Juan Pablo Valdecantos eta Aitor San Sebastian dira Natural Project taldeko kideak. (PROMOMUSIKA)

This browser does not support the audio element.


30 urte bete ditu Natural Project taldeak. Estanis Elorza da hasieratik mantentzen dena, egun baxu-jotzaile eta abeslari nagusi moduan. Aitor San Sebastianek astintzen du bateria eta Juan Pablo Valdecantosen ardura da sintetizadorearekin atmosferak sortzearena. Taldeko gitarra-jotzailea, disko honetan protagonismo dezente hartzen duena, berriz, Beñat Ruiz da eta harekin izan gara hizketan.

Zer moduz, Beñat?

Ondo, ondo.

Disko laburra dela esango du askok, baina kantuek iraupen luzea dute, hor dago sekretua?

EP deitzen den horietakoa da, 5 kantu dituelako, baina kantuen luzeran ez dugu mugarik jarri nahi izan, ez da ohikoa halakoak sortzea gaur egungo musikaren paradigman.

Nola jokatu duzue sortzerako garaian, kantu progresibo luzeak egitera propio joan zarete edota probatuz sortu dira?

Oso natural eta organikoa izan da dena. Lehen taldekide batek etxean lan egiten zuen kantuak sortzeko eta gero lokalean ontzen ziren ekartzen zituen ideiak, oraingoan, berriz, ‘jam’ estiloan joan gara sortzen kantu asko, lokalean eta elkarrekin eta gero forma eman diegu.

Aurreprodukzio dezente izan duen lana dirudi.

Lokalean egin genituenetik estudiorako saltoan aldaketa egon da hala ere. Estudioan produkzio dezente egon da, kantuak bertan bukatu ditugula esan daiteke.

Diskoa irekitzeko lehen kolpetik soinu desberdina duzuela entzuten da, asko iradoki dit kutxaren hotsak ‘Emboscadas en el mar’ kantuan. Gero, gainera, disonantzia ere badu.

Kantu mamitsuena dela esan dezakegu. Bidaia moduko bat egiten du eta bukaeran kaos moduko bat ere badu. Disonantziarena, akaso hasieran arraroa egiten da eta, berriz entzutean, akaso, ohitu egiten zara. Nahikoa naturala egiten zait disonantziena eta beste kantu batean ere bada disonantzia txiki bat. Gainera, bere pisua ere badu. Gero, nahasketetan ere xehetasun asko gehitu dira, lokaletik diskora beste ikuspegi bat hartu du bai abesti honek eta baita besteek ere.

Sinteak modu sotilean sartu dituzue.

Piano antzeko bat dago estrofetan eta bukaeran giro soinu batzuk ere badaude.

Zenbat egun pasa dituzue Yon Vidaurrekin Muir estudioan diskoa grabatzen?

Lan egiteko modua aldatu dugu disko honetarako. Abestien eskeletoa zuzenean grabatuta dago, denok elkarrekin jota, eta hori berezia izan da. Gero overdub batzuk egon dira, hau da, geruzak gehitu ditugu, batzuetan hiruzpalau gitarra batera entzuten dira esaterako. Gitarren kasuan efektu eta anplifikadore desberdinak erabili ditugu. Aurreko diskoetan pozik geratu gara, baina hemen kontzienteki soinu bilaketan buru-belarri aritu garenez eta emaitzan nahi genuena lortu dugunez, are eta poz gehiago sentitu dugu.

Hitzetan denborak gugan duen eraginaz ere ari zarte. Denbora alde edota kontra duzuela uste duzue?

Batzuetan alde eta besteetan kontrara, taldearen historia ere balioan jarri nahi izan dugu hor.

30 urte bete dituelako taldeak, ez da hain ohikoa talde batek hainbeste irautea.

Taldeak bilakaera zabala izan du, hasieran Estanis Elorza eta Ales Martin zeuden elkarrekin. Ales ez da taldekidea egun, baina barruan dago, aurreko diskoaren konposatze lanetan ere aritu zen. Iraupenaren inguruan zerbait esatekotan, agerikoa da Euskal Herrian ez dagoela talde asko hainbeste urte irauten duenik, nahiz eta Naturl Projectek ere aldaketa batzuk izan dituen bere baitan.

Non dago sekretua? Musikarako duzuen pasioa da gakoa?

Taldea ez da sekulan ere geratu. Disko baten eta bestearen artean 5 urte pasa dira sarri, baina beti lanean egon gara tarte horietan. Musikari pasioz heltzen diogu eta dena organikoki joaten da. Hortaz, egiten dugun hori guztia ibilbidean islatzen da.

‘Fórmulas y ecuaciones’ abestiak jarraitzen du. Bateriak tentsioari eusten dio kantu guztian, hasi eta buka.

Indar handia du eta autopista batean bezala doa Aitor abesti honetan.

Gitarra geruzetan xehetasun tekniko dezente nabaritzen dira, batez ere duen soinua lortzeko.

Erraietatik ateratzen dira gitarra horiek. Batzuetan kontrol gelan grabatzen nuen, baina beste batzuetan kabinan sartuta eta anplifikadorea limitera eramanda, anplifikadoreak berak ematen zuen feedbacka lortuz ibili gara soinu horiek lortzeko.

Zein motatako anplifikagailu dituzu maite, konboak edota bitan banatzen direnak?

Nik konboa erabiltzen dut, Twin Reverb bat. Estanisek, ordea, 60etako anplifikagailu bat du, bi zatitakoa, Tenoxy markakoa, Fender etxeari kopiatuz egiten zirenak, eta hark balbulen soinuaren berotasuna modu perfektuan sortzen du.

Formula perfekturik ez dago, ordea. Ihes egiteaz ere mintzo da kantua, baina ekuazioak ebatzita edo ebatzi gabe egin behar da ihes?

Erantzun konplikatua du horrek. Aitorrek egiten ditu hitzak eta metaforiko samarrak dira, askotan esaten den moduan, entzule bakoitzak bere egiteko sortuak. Baina galderari erantzunaz, kaosaren barruan bada ordena bat eta ez da ezer ere kasualitatez gertatzen.

Diskoaren izenburuari erreparatuz, ‘Olabista’, zergatik hautatu duzue? Azaleko enborrak zein lotura du?

Taldea Olabista deituriko Andoaingo etxean hasi zen musika sortzen eta horregatik du izen hori. Edu Castrok egin du azala eta enborreko zirkuluek nolabait ere taldearen adina irudikatzen dute, zuhaitzen enborretann zirkulu bakoitzak duen adina identifikatzeko balio duelako.

‘Dimas’ kantuarekin jarraitzen du diskoak. Siroco Madrilgo aretoan kokatzen den abesti dantzagarria. Zuen bigarren etxea hura da?

Gainontzekoetatik bereizten den abestia da. Natural Projecten beste etapa batzuetan gehiago jorratu da edonismoa eta dantzagarritasuna, baina oraingoan hau da horren adibide bakarra. Abestiak Madrilen jotzen izan ginen gau bateko istorioa kontatzen du, kontzertua ez zen bertan izan, ordea. ‘Dimas’, berriz, Siroco aretoa San Dimas kalean dagoelako jarri diogu, hori da duen sekretu txikia.

Aipatzen ari garen soinu bilaketa horretan nor izan da arduraduna?

Justu abesti hau ekoitziena izan da. Erritmo asinkopatua du, Manchesterreko eszenari keinu bat egin nahi genion, koroak sekulako delaya du, hammond moduko sintetizadoreren bat ere badu… Denok izan gara horren errudun.

Kanpora atera zaretenetan harrera beroa izan duzue?

Azkenaldian ez gara askorik atera, baina 2005ean Get In promozio agentziarekin ibili zen taldea eta, gisa horretara, Donostian Depeche Mode taldearekin aritu ginen esaterako, gugan eragin nabaria du, gainera. Madrilgo Rivieran HIM taldearekin ere aritu ginen, orduan garrantzitsua zena, rock gotikoa egiten zuten. Euskal Herritik kanpora Madril beti izan da helburu garbia taldearentzat, nahiz eta azkenaldian Euskal Herrian jotzera zentratu garen. Hala ere, berriz ere kanpora irteteko gogoz gaude.

Estatuko rock alternatiboaren panoraman tokia izan dezakezue lan honekin, edo hori da dudan pertzepzioa.

Guztiz ados. Nik denetarik entzuten dut, baina, diozun moduan, estatuko indie zirkuituan izango du tokirik disko honek.

‘Amor en V.O.’ titulua asko gustatu zaidala onartu behar dut, kontatzen duena oso ondo laburbiltzen duelako. Sintetizadorearen geruza txiki batek zer nolako garrantzia izan dezakeen ere ikusten da garbi abestian, sekulako tentsioa sortzen du.

Dinamika asko du abestiak eta sintea intentsitatean gutxinaka sartzen da, behetik gora doa. Hitzei erreperatuz, berriz, argi dago bi pertsonen arteko erlazioaz dabilela, konfesio kutsua du.

Maitasuna ez dela beti polita, alegia. Batek adinean aurrera doan bezala gehiago onartzen du hori, ezta?

Bai bai, ezbairik gabe. Perspektiba aldatuz doa, nabarmen gainera.

Minorretan askoz erosoago zaudetela ere nabaria da, maiorretan nota gutxi jo dituzue.

Eta kantu hau da gehien duena, baina iluntasuna gustatzen zaigu. Maiorretan positibotasuna erakusten dugu hemen, baina doinu malenkoniatsuak maite ditugula esango nuke.

Hitzak edo musika dator lehenago?

Normalean beti melodiatik abiatzen gara, gero hitzak musikak iradokitzen duenaren arabera sortzen dira.

Kontzertuak ere badatoz.

Bai, otsailaren 10ean Donostiako DabaDaban izango gara, 17an Andoaingo inauterien baitan Kokeinekin batera arituko gara, 19an Reale Arenako Keler gunean eta 25ean Lasarteko Abend garagardotegian. Hauek dira momentuz jarri ditugunak, baina gehiago ere etorriko dira. Uda alderako, taldeak 30 urte betetzen dituenez, jaialdi moduko bat prestatzen gabiltza, Natural Projecten aritu direnekin jotzeko eta beste talde batzuekin ere oholtza partekatzeko. Taldearen historia aldarrikatzeko modu bat, opari forman.

Zuzenekoa da, beraz, mugitzen zaituztena.

Pasioz egiten dugu guztia eta egiazkotasun guztia zuzenekoetan islatzen da. Diskoek garrantzia dute, bai, baina jendearengana zuzenekoetan iristen zara eta hori da garrantzitsuena.

‘Sin remedio’ kantuaren bideoklipean hori ikusi daiteke.

Bideoklip bat da, estudioan grabatuta dago, baina bertan ikusten den intentsitatea kontzertu batean dagoen bera da. Gero fikzio pixka bat ere badu, istorio bat kontatu nahi genuelako. Gorka Merchanekin egin dugu eta ESCIVIko Iñigo eta Asierri ere eskerrak eman nahi dizkiegu.

Kantuak, ixteko, badu agur moduko bat ere.

Bai, hala da, bi minutuko iraupena du. Kantuak bi zati ditu eta bigarren horrek, agur moduko bat irudikatzen du.

Diskoa eskuratzeko bidea zein da?

Momentuz promozio disko bat atera dugu, baina ez dago erosteko aukerarik. Plataforma digitaletan soilik eskura daiteke oraindik, baina aterako dugu euskarri fisikoa ere, kontzertuetan-eta salduko duguna. Soinuaren sibaritak badira oraindik ere eta etxeko kateetan entzuten dutenak ere badira, nahiz eta mugikorreko bozgorailutik entzuten duen asko ere baden. Hori bai, xehetasunak etxeko ekipo batean askoz ere hobeto entzuten direla ez dago zalantzarik.