«Itsasoko zaborrari erantzun bat emateko industria bat sortu dugu»
4,6 y 12,7 milioi tonelada hondakin iristen da urtero itsasora, plastikoa gehien bat. Baina irtenbideak ere bilatu behar dira. Hala egin du AZTIK, bilatu eta aurkitu. Arrantza sektoreko sareei bigarren bizitza bat emateko enpresa bat sortu dute.
This browser does not support the audio element.
Arazoa zein den ikertzea eta konponbidea bilatzea. Hori da AZTIko ikerlarien jardunetako bat. Itsas ingurunean eta elikaduran espezializatua, AZTIk zientzia eta ikerketa sendoetan oinarritutako abangoardiako eta balio erantsiko produktu eta teknologiak eskaintzen ditu. Besteak beste, itsasoan pilatzen diren hondakinen inguruan egiten dute lan. «Urazalean, itsas hondoan… ur geruza guztietan daude hondakinak» ohartarazi du Oihane Cabezas ikerlariak Bigarren Kafea saioan. Arazoa ez da plastikoa ekoiztea, baizik eta sortzen den hondakin plastiko horrekin zer egin.
Arrantza sektorearekin lan asko egiten dute, eta arrantzontziek erabiltzen dituzten sare eta antzeko lanabesak birzkiklatzen dituzte. Itsas-tresnen bizitza erabilgarria amaitzen denean portuetan geratzen ohi dira, eta AZTIk, elkarlanean, bigarren bizitza bat sortzea. «Atunontzien sare batek 60 tona pisatu ditzake eta hortik birziklatzen den material horiekin lehengaiak sortzeko enpresa bat sortu dugu». Arrantzarako petoak edo eguzkitarako betaurrekoak dira birziklatutako materialekin sortu diren produktuetako batzuk.
Alor sozialean ere egiten dute lan eta kontzientziazioaren garrantzia aipatu du Iker Zudaire ikerlariak. «Maila ezberdinetan arazoa ikustaraztea garrantzitsua da. Politika, enpresa eta gizarte mailan eragitea da helburua, ikertzen duguna azaldu behar da eta egungo egoera zein den erakutsiz». Arazo global baten aurrean gaude baina Zudaireren arabera norberak maila lokalean egiten duenak arazoari konponbidea ematen ere lagundu dezake. «Bakoitzak bere mailan eta alorrean egin ahal duenak lagundu dezake».
Plastikoen gaia «oso gertuko» sentitzen dugula dio Cabezasek. «Hondartzara joaten garenean plastiko horiek ikusi egiten ditugu eta horrek gertuko sentiarazten digu». Horren inguruan ekintza ezberdinak egiten dira eta horrek guztiak mugimendu bat sortarazi du Europa mailan. «Inbertsio handiak egin dira gaiari konponbide bat emateko». Etorkizunari begira, ez dute hain beltza ikusten. Jarri diren baliabide horiek emaitzak ematea espero dute eta modu horretan itsasoan pilatzen den hondakin kopurua jaistea.