IRRATIA

«Etorkizuna aurreikusteko zailtasunak haserrea eta antsietatea eragiten ditu»

‘Ziurgabetasunaren gizartea’ liburuan azken urteetako hainbat gertakarik sortu duten egoera aztertu du Eguzki Urteagak. Uste du herritarrek gero eta zailtasun handiagoak dituztela etorkizuna proiektatzeko eta horrek ondoeza eragiten duela eta hortik populismoaren nahiz arrazakeriaren ugaritzea.

Eguzki Urteagaren liburu berriaren azala (L’Harmattan)

This browser does not support the audio element.


2008ko finantza krisia, Brexita, Trumpen garaipena, beroaldi klimatikoa, pandemia nahiz Ukrainako gerra. Aurreikusi gabeko hainbat fenomeno gertatu dira azken urteetan Eguzki Urteaga idazlearen esanetan, ondorioak izan dituzte arlo politiko, soziekonomiko nahiz kulturalean eta ziurgabetasun zabal bat eragin dute, «ziurgabetasunaren intentsifikazio eta dibertsifikazio baten aurrean gaude, eremu guztiak afektatzen ditu».

‘Ziurgabetasunaren gizartea’ liburua kaleratu berri du L’Harmattan argitaletxearekin. Ziurgabetasunaren zabalkunde eta orokortzea errealitate ukaezintzat du eta honek «haserrea eta antsietatea» handitzen dituela ondorioztatu du. Lehen gizarteak «erregulatuagoak» zirela baieztatu du, lan merkatuan, adibidez, jendeak enpresa batean egin ohi zuela «karrera osoa», urteen poderioz soldatak handituz joan ohi zirela eta pentsioa osotasunean kobratzen zela.

Egungo gizarte ziurgabeek lau jatorri dituztela ondorioztatu du. Batetik, «errelato handiak» ahuldu egin direla, bai maila erlijiosoan baita politikoan ere. Bestetik, eraldaketak azeleratzen ari direla, hirugarrenik gizarteak gero eta hauskorragoak direla eta, azkenik, «indibidualizatuagoak» ere badirela. Ondorioa argia da Urteagaren esanetan, «etorkizuna aurreikusteko zailtasunak ditugu eta horrek haserrea eta antsietatea eragiten ditu». Egoera orokorra den arren, lurralde, kolektibo eta pertsona guztiei ez diela berdin eragiten zehaztu du, «beroaldi klimatikoak adibidez bereziki afektatu ditu Afrikako eta Asiako zonalde txiroenak».

Eta errealitate honen ondorioak ere zerrendatu ditu. Batetik «presentismoa» dago, «etorkizunean zer gertatuko den ez dakigunez gaurkotasunean zentratzen gara». Gizartea ulertzeko zailtasunak, halaber, populismoaren hazkundea ekarri duela dio, baita fundamentalismoaren eta arrazakeria nahiz sexofobiaren indartzea ere.

Badago ondorio positiborik ere, Urteagak nabarmendu duenez, «etorkizuna ez dago idatzia eta horrek esan nagi du aukera, perspektibak irtekitzen direla ere». Adibidez, pentsioen erreformaren aurka Ipar Euskal Herrian eta estatu frantziarrean izan diren mobilizazio jendetsuek erakusten dute, bere esanetan, «herritarrek badutela aurre egiteko eta mobilizatzeko gaitasuna, ziurgabetasuna ahal den neurrian murrizteko».