«Elurraren mendeko bailaretan aktibitatea dibertsifikatuko da»
Askoren ahotan izan da zenbat kosta zaion heltzen. Urtea amaitzerako ohi baino epelago giroak eta inguruak ez espero bezain zuri. Dagoelako edo ez dagoelako, elurra maiz da albiste eta arrisku iturri. Jon Apodaka arrisku naturaletan espezialistarekin gaia aztertu dugu ‘Gelditu Makinak’ saioan.
This browser does not support the audio element.
Ze egoeratan dago elurra Piriniotan?
Azkenean bueltatu da negua. Azken bi astetan negu baldintzak izan ditugu, elurra eta hotza izan dira protagonistak eta Pirinioetan zuritu du. Ezberdintasun handiak ditugu Pirinioen mendebaldean eta ekialdean, zeren bigarren honetan ez da mendebaldean eta bestelako mendigunetan bezainbeste elur erori.
Zer ari zara ikertzen Andorran?
Bertan egiten ari naizena da elur jauzien jardueren espazio eta denboren azterketa. 80. hamarkadatik jaso izan dira datuak eta, erregistro horiek baliatuz, patroi desberdinen ereduak sortzen ditugu ikusteko etorkizunean zer nolako aldaketak gerta daitezkeen. Andorrako ekonomian oso garrantzitsua da elurra, Barne Produktu Gordinaren % 40 inguruk, zeharka edo zuzenean, elurrarekiko mendekotasuna dauka.
Zein dira elurraren arrisku nagusiak?
Normalean, pertsonekiko arrisku bereziak aipatzen dira: zaurituak, hildakoak… baina eragin handia du, baita ere, lurralde antolamenduan, eraikuntzetan eta errepideetan. Esaterako, Nafarroan, Belagua inguruan, Erronkari bailaran ikusten dugu askotan bertako errepidea elur jauziengatik mozteak zelako eragina duen neguko turismoari begira.
Hiri handietan bizi den jendearentzako oso erraza da esatea horrelako inguruak moldatu beharko direla aldaketa klimatikoari aurre eginez, baina, Pirinioetan eta bestelako mendigunetan bizi garenok ikusten dugu sektore turistikoak daukan garrantzia, jende askok egiten du lan horretan. Azken finean, inguru hauei bizitza ematen dieten jarduerak kolokan daude horrelako baldintza klimatikoekin.
Elur falta ere arazo da?
Askotan ikusten ditugu soilik neguko turismoari dagozkion arazoak, baina, oso garrantzitsua da, udarara begira, ur errekurtsoen erabilera. Baliabide bezala, mendiko elur-metaketak eragin handia du udaberrian eta udaran izango duen urtze prozesuan eta uraren erabileraren ziklo osoan. Azken finean, alde batetik dugu turismoa, zeren, ekonomikoki, azken hamarkadetan jorratu izan den eredua oso tresna baliagarria izan da bestelako urtarotan turismorik gabe dauden bailaretan, baina, baita ere, mendiguneetatik kanpo, errekurtso hidriko hauei dagokienez lurraren jarraipena bereziki garrantzitsua da.
Glaziarrei dagokienez, ikusi ditugu azken urtetan izandako galera izugarriak, esaterako Anetoko, Maladetako edo Ossoueko glaziarretan. Azken honek 4,5 metroko lodiera galdu duela ikusi da eta gauza bera gertatu da bestelako mendiguneetan, Alpeetan esaterako, Écrins-eko Glaciar Blanc-ek ia 4 metroko galera izan du eta Suitzan heren bat baino gehiago galdu da.
Arriskuak aurreikus daitezke?
Bai. Elur jausien kasuan, aurreikusteko lan asko egin daitezke, adibidez, kartografiak, erregulaziozko zonakatzeak, erabakitzea ze eremutan eraiki daitekeen eta non ez… Mendizaleei begira, iragarpenak zabaltzen dira, baita errepideak, eraikuntzak eta abar babesteko defensa neurriak sortu ere. Hauek iraunkorrak edo aldi baterakoak izan daitezke, eta, aldi berean, pasiboak edo aktiboak. Uler dadin, zenbaitetan elur jauziak artifizialki sorrarazten dira eta beste batzuetan hesiak jartzen dira jauziak saihesteko. Bestalde, arrisku eskalak osatzen dira teknikoki egiten diren iragarpenekin, mendizaleek nondik nora ibili jakin dezaten.
Baldintza aldaketarik antzematen da eski estazioetan?
Eski estazioen egungo ereduak elurrarekiko mendekotasun handia du eta azken urteotako tenperaturen gorakadarekin zaila da elur artifiziala erabiltzea. Hortaz, elurrik gabe, beren aktibitate ekonomikoa ezin dute martxan izan. Azken asteetan elurra gogoz etorri da eta, oraingoz, nahiko baldintza onak dituzte. Hala ere, argi dago, gaur egun proposatzen den elurraren mendeko eredu ekonomiko hau birplanteatu egin behar dela, zeren, tenperatura tendentziak ikusita, badirudi bailara hauek trantsizio bat egin beharko luketela eta aktibitatea dibertsifikatu.
Kolpetik elur asko egitean ze eragin du?
Elur asko egoteak ez du esan nahi arrisku handia dagoenik. Elur mantuaren lodiera zenbat eta txikiagoa izan, orduan eta aldaketa gehiago sortuko dira mantuan bertan, tenperatura diferentzia handia dagoelako airearen eta elur geruzen artean. Gainera, tenperaturak hotzak eta haizeak mugitutako elur kantitatea handia izanik, zenbait elur plaka eta erlaitzetan arazoak gertatzen dira.
Elurretan arriskuak ez dira hain erraz sumatzen. Gehienetan, arriskua ezkutuan egoten da, erabiltzaile gisa ez dakigu seinaleak identifikatzen eta horregatik da garrantzitsua iragarpenen eta elur azterketen berri izatea.
Ikerketa tekniketan garapenik antzematen da?
Azken urtetan aldaketa oso adierazgarriak gertatu dira, adibidez, teledetekzioan asko aurreratu da. satelite bidezko irudiak oso erabilgarriak izaten ari dira, estazio meteorologiko berriak eta erregistro zaharren analisiak egiteko orduan. Bestalde, dronen erabiltzen dira modelo topografikoak eraikitzeko, zuzeneko behaketetan, hainbat operaziotan… Era berean, istripuen analisian, oso baliagarriak izaten ari da kameren sozializazioa. askotan, mendizaleek subjektiboak diren mendi kamerak izaten dituzte eta, horietan, erabaki guztiak grabatuak izaten dituzte, baita istripua izan den momentua ere. Telefono mugikorretako irudiek ere informazio asko ematen dute.
Bestalde, pil-pilean dagoen adimen artifizialarekin ere ari dira aurrerapenak egiten. WebCam bati adimen artifizialeko kodea sartuz elur jausien detekzio automatikoa egin daiteke, baita erregistro bidezko iragarpen automatikoa ere. Ikerketaren arloan, berriz, kode asko ari dira partekatzen eta horrek erraztasun eta baliagarritasun handiak dakartza.