«Lehen aitzakia baliatu zuten tiroka hasteko»
Karlisten arteko liskar gisa saldu nahi izan zuten arren jakina zen 1976ko Jurramendiko gertakariak aurrez pentsatutakoak izan zirela. Jose Mari Esparza da egun hartan han zegoen herritarretako bat, karlistak ez ezik eragile antifrankista orotako jendea bertaratu zen.
This browser does not support the audio element.
Berriki egin ditu publiko Alderdi Karlistak 1976ko gertakarien atzean garaiko Espainiako Gobernua zegoela adierazten duten dokumentu berriak. Jurramendin gertatutakoa luzaz gogoratu dute, bereziki Nafarroan.
Karlistak ez ezik eragile antifrankista guztietako ordezkariak ere bertaratu ziren 76ko hitzordu hartara, esangura berezia hartu zuen urte hartako enkontruak. «Lehen aitzakia baliatu zuten tiroka hasteko», dio Jose Mari Esparzak ordukoak gogoan. Tontorrera goizean goiz abiatu zen garaian CCOOen zebilen tafallarra, gora iristean pasoa isten ari ziren errekete uniformearekin ziren bi lagun eta ahozko liskar txiki bat baliatu zuten hitzordura joan zirenen aurka tiroka hasteko, «aurrez pentsatua zuten eta huskeria hori baliatu zuten liskarra abiatzeko».
Egun hartan hildakoetako bat laguntzen saiatu zen Esparza, Ricardo Garcia Pellejero, «arnasa hartzen zuen eta bizirik zegoela ikusten nuen». Inguruan tokatu zen Javier Erice medikua, Iruñeko alkate urte hartan bertan, eta hark esan zien ez zegoela ezer egiterik.
Alderdi Karlistak Frankismo garaian izan zuen protagonismoa eta bereziki trantsizio garaian hartu zuen norabidea izan ditu hizpide Esparzak 'Hemen Gertatu Zen' saioan, «ez da zuzena karlismoaz esan ohi dena», bere hitzetan.
Jurramendi lehenbizi eta 1978ko sanferminak ondoren, Nafarroan frankismoak apustu argia egin zuela uste du, berebiziko garrantzia izan zuela orduan Madrilentzat euskal herrialdeen zatiketak, «hori izan zen euren lorpena, zatiketa».