Valentzia utzi eta Zaldibiara etorri amestutako proiektu agroekologikoa martxan jartzeko
«Guk ekoitzi ezin duguna inguruko ekoizleei erostea da proiektuaren oinarrietako bat» diote Raquel Andres eta Santi Grasók. Baserri bat dute eta eraberritze lanak egiten ari dira pixkanaka buruan duten egitasmo hori gauzatzen joateko.
This browser does not support the audio element.
«Aspaldi genuen buruan Euskal Herrira etortzeko ideia. 2008an unibertsitatean Bolonia planaren aurkako protestetan hiru hilabetez klaserik gabe egon ginen. Han bururatu zitzaidan herri txiki batean, landa eremuan, baratze batekin eta animaliekin bizitzea. Gerora Santi ezagutu nuen eta biok hasi ginen gune baten bila. Bartzelona inguruan ez zegoen erraza eta orduan ikusi genuen Euskal Herrira etortzeko aukera» esan digu Andresek.
2015ean hasi zen Raquel Andres euskara ikasten Valentzian. «Astean hiru orduz ikasten nuen baina ez da asko, mintza praktika aukerarik ez nuelako. Orain Zaldibian ezberdina da». Santi Valentziako euskal etxean hasi zen eta datorren urtean AEKn klaseak hartzen jarritzeko asmoa du maila hobetzeko.
Proiektu agroelogiko bat jarri nahi dute martxan. Oilategia prest dute, udaberrian baratzea martxan jarriko dute eta animalia gehiago jarriko dituzte. «Gazta egin nahi dugu, buruaskiak izan eta enkarguz paellak egingo ditugu. Bertako produktuak eta Valentziako jakituria nahastuko ditugu ahalik eta produkturik onena emateko». Beraiek ekoizten ez dutena inguruko baserritar ekoizleei erosteko asmoa dute.
Lehen paellak egin dituzte enkarguz eta datozen asteetarako ere badituzte enkarguak. Pixkanaka urratsak ematen joatea da helburua, baina argi dute beraientzat denbora ere atera nahi dutela. «Orain lan asko daukagu eta ez da erraza guretzat denbora izatea baina aurrera begira balioa eman nahi diogu horri».
Entzun Bigarren Kafean Raquel Andres eta Santi Grasórekin izandako solasaldia.