«Aurrerapausoak egon dira baina ez dugu itxaropen faltsurik sortu nahi, ez dago akordiorik»
Bizkaiko Metaleko sindikatuek eta patronalak Lakuaren bitartekaritzarekin egindako azken bilerak gatazka konpontzeko balio izan ez duen arren, «aurrera pausuak» sumatu ditu LABek, eurentzat «funtsezkoak diren puntuak» jarri direlako «mahai gainean», Iratxe Azkueren arabera.
This browser does not support the audio element.
Astelehen honetan bilera berri bat izan dute Bizkaiko Metalgintzaren baitan, lan gatazkari irtenbidea eman asmoz. Sindikatuak alde batetik, FVEM Bizkaiko Metalen Enpresen Federazioa bestetik eta Lakuako Gobernua bitartekaritza lanak egiten. Asteleheneko berritasun nagusia Lan eta Enplegu Sailak egindako proposamena izan da, sindikatuek onartu ez dutena. «Jaularitzaren proposamenak patronalarena hobetzen du, baina ez da nahikoa akordio batera heltzeko», azaldu du Naiz Irratian LAB sindikatuko industria arloko arduradun den Iratxe Azkuek.
Nahiz eta lan gatazkak kateatuta jarraitzen duen, «lortu duguna da», Azkueren esanetan, «guretzat funtsezkoak diren puntuak mahai gainean egotea». Are gehiago, patronalak lehen ukatzen zituen «hiru puntu lortu ditugula» ziurtatu du LABeko kideak: lehenik eta behin Patronalak planteatutako «atzera pausoak» negoziazio mahaitik kentzea. Jarraian, eros ahalmena «modu batean edo bestea bermatuta egotea» eta azkenik, «subrogazioa hedatzea zuntz optikoa eta telefonia jartzeko jardueretara». Hala ere, gainontzeko aldarrikapenetako batzuk bermatu arte, negoziatzen jarraituko du LABek.
Lakuaren ekarpenaz
Negoziaketak beraz, iazko abenduan baino hobeto doaz eta «aurrera pausoak» onartu ditu sindikatu abertzaleko kideak, baina gogorarazi duenez, «egun ez dago akordiorik». Lakuaren ekarpena orain arte, bi aldeak entzun, hauek gerturatzen saiatu eta elkarrizketa sustatzea izan da. Jarrera hau txalotzearekin batera, orain arte langileen aurka egiturazkoa izan den indarkeria amai dadila eskatu du Azkuek, «orain arte Eusko Jaurlaritzaren eta batez ere Segurtasun Sailaren ekarpena oso bestelakoa izan da, langileak kriminalizatzen, jipoitzen eta grebarako eskubidea oztopatzen».