IRRATIA

Zinaida Portnova; 100 nazitik gora hil zituen partisano sobietarra

Duela 79 urte urtarrilaren 10ean naziek Zinaida Portnova exekutatu zuten, Komsomoleko bielorrusiar partisana eta SESBeko heroia. 16 urterekin 100 nazi baino gehiago akatu zituen. Baina nola egin zuen hau?

 

Zinaida Portnova (wikipedia)

This browser does not support the audio element.


Zinada Portnovaren historia ondo ulertzeko, 1926ko otsailaren 20ra salto egin behar dugu, langile-klaseko familia batera. Aita Kirov fabrikako metaleko langilea zen, ama, berriz, baserritarra. Armada naziaren inbasioaren ondoren, Zinaida txikiak amonarekin Vitebskera ihes egin zuen piztia nazitik babesteko. Zoritxarrez, handik gutxira, tropa naziak Vitebskera ere iritsi ziren. Naziek Zinaida babesturik bizi zen amonaren etxaldeari eraso egin eta amona bere aurrean lotu, kolpatu, galdekatu eta bizirik irauteko zuen ganadua lapurtu zioten.

Naziek amonari emandako jipoia ikusi ondoren, Zinaidak mendekuaren zina egin zuen. 1942an, Bielorrusiako erresistentzia-mugimendu partisanoan sartu zen. Komsomoleko Vitebskeko tokiko erakundean militatzen hasi zen, ‘Gazte Mendekatzaileak’ izeneko erakundean. Klandestinitatean, propaganda banatzen jardun zuen okupatutako Bielorrusian, Armada Gorriko soldaduentzat armak ezkutatu zituen eta nazien tropen posizioei buruzko informazioa ematen zuen. Ondoren, armak eta lehergailuak erabiltzen ikasi zuen, eta nazien aurkako sabotaje-ekintzetan parte hartu zuen.

1943. urtean, Obol hirian, sukaldeko laguntzaile gisa infiltratu zuten, nazien tropel oso bati janaria emateko. Zianuro pote txiki bat zeraman...

 

1943an, Obol hirian, sukaldeko laguntzaile gisa infiltratzera bidali zuten. Han, nazien tropel oso bati janaria zerbitzatzeko kontratatu zuten. Zidaidak zianuro pote txiki bat zeraman mantelean ezkutaturik eta, harekin, janaria pozoitu eta ehun soldadu nazi exekutatu zituen kolpetik. Sukaldaria zenez, naziek segituan susmo txarra hartu zioten Zinaidari, baina honek errugabea zela ziurtatu zien eta janaria probatu zuen haien aurrean, nazien susmoak itzaltzea lortuz.

Hala ere, sukalde hartara berriro itzuli ez zenez, naziak konturatu ziren bera zela erruduna. Bere bilaketa eta atxiloketari ekin zioten eta bere nortasuna azaleratu zutenean, Zinaidak Kliment Voroshilov Komsomoleko unitate partisanoan borroka armatua egitea erabaki zuen.

1943ko abenduan, Zinaida Obolera itzuli zen, oraingoan nazien base militar batean infiltrazio misioan zebilen espioi gisa. Arlotez mozorrotuta, basean sartu zen dokumentuak lapurtzeko asmoz, ondoren miliziari emateko. Misioa bete ondoren, ordea, harrapatu egin zuten.

Harrapatu ondoren Gorianyra eraman zuten. Bertan, Gestapoko nazi batek torturatu egin zuen bere lagunak salatu zitzan. Beste batean, Zinaidak pistola kendu zion mahaitik eta buruan tiro egin zion. Beste bi nazi tirokatzea ere lortu zuen. Horren ostean, naziek berriro torturatu zuten Zinaida. Oraingoan, heriotzaren ertzeraino. Bere lagunak salatzeari uko egin zionez, basora eraman eta han fusilatu zuten, 1944ko urtarrilaren 10ean. Hamazazpi urte soilik zituen.