«Arazoa egiturazkoa da baina badaude heldulekuak turistifikazioari erresistentzia egiteko»
Egun 1659 Airbnb iragarki daude Donostian. Azpimarragarria da pandemia ondoren gora egin duela kopuru horrek. Pandemiaren aitzakiapean, turismoaren buelta indartsuago bat emateko baldintzak sortu zituztela dio Donostiako turismoaren desazkundea sustatzen duen Bizilagunekin plataformak.
This browser does not support the audio element.
Haritik Hirira ikerlari kolektiboak, Airbnb efektua aztertu du Donostian, pandemia ostean egoeraren argazki ahalik eta fidelena lortzeko helburuz. Egun indarrean dauden joera nagusiak azaleratu dituzte eta horietatik ondorioak atera, baita hainbat neurri proposatu ere. Horien artean, jabetza pilaketari muga jartzea edo pisu turistikoen kudeaketarako enpresen jarduera debekatzea.
Donostia, Euskal Herriko hiri turistikoen artean dagoenez, ez da salbuespena eta Airbnb plataformaren eragina nabarmena da. Haritik Hirira ikerketa taldeak plazaratutako datuen arabera, egun, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, 6708 etxebizitza inguru eskaintzen dira plataforma honen bidez. Horietatik 1659 Donostian daude kokatuta, alegia, lau etxebizitzatik bat.
Datu horrek ondo islatzen du etxebizitza turistikoak eskaintzeko plataforma lurralde osoan zehar hedatu den arren, berebiziko garrantzia duela Gipuzkoako hiriburuan. Euskal Herri mailan, Donostiako eskaintza gainditzen duten beste bi udalerri daude, biak Lapurdin: Biarritz eta Angelu, 3074 eta 1859 eskaintzarekin, hurrenez hurren.
Desazkunde turistikoaren aldeko donostiarren plataforma da Bizilagunekin, eta plataforma honen parte diren Hiritik Harira taldeak eraman du aurrera ikerketa txostena, hura aztertzeko asmotan gonbidatu ditugu Bigarren Kafea saiora Asier Basurto eta Jon Macias.
Pandemia aurretik goranzko joera zuen etxebizitza turistikoen kopuruak. 2018an Udalak gaiarekin loturiko ordenantza bat sortu zuen. Ondoren pandemia etorri zen eta turismoak behera egin zuen arren, horren atzean nolabaiteko estrategia bat zegoela adierazi du Basurtok. «Erakundeen aldetik egoera kontrolatzeko edo behintzat hori erakusteko nahia badagoen arren, hazkunde eta hedapena geroz eta handiagoa da. Fenomeno hau mugatzearen aurkako erresistentzia bat eman da pandemiaren aitzakiapean, baina, benetan, turismoaren buelta indartsuago bat emateko baldintzak sortzen ari ziren».
Egungo egoera nolakoa den azaltze aldera, Haritik Hirira elkarteak ‘AirBnb efektua pandemia ostean’ izeneko ikerketa egin du. Jon Macias elkarteko kideak eta ikerketaren arduradunak zenbakiak jarri dizkigu mahai gainean. «Eskaintza heterogeneoa izatetik urrun dago; Donostian pilaketa bat dago, batez ere, alde zaharrean. Eskaintzaren %47a erdialdean kokatzen da eta Grosek eskaintzaren %17a pilatzen du». Azpimarratzekoa da 2021etik 2022ra etxebizitza turistikoen kopuruak %15 gora egin izana.
Pandemiaren ostean, erabiltzaileen profilaren aldaketa bat sumatu dela gaineratu du Maciasek. «Erabiltzaile profesionalak geroz eta gehiago dira, hau da, pisuak pilatzen dituzten enpresak. Errentagarritasuna bilatzen dute, ahalik eta etekin gehiena pilatzea. Donostiako batez besteko prezioa New Yorken baino altuagoa da», azaldu du. Eta gehitu: «Hiri eredua turistentzat bideratzen ari dira».
Hau guztia, noski, ez da debaldekoa. Erdialdeko auzoetatik kanpokoetara doan kanporatzen prozesu bat garatzen ari dela dio Basurtok. «Aitzakia bezala legean babesten dira, baina borondate politikoa falta da. Asko aberasten ari dira batzuk eta herritarren gehiengoen interesen zapaldu».