IRRATIA
Interview
Mikel Mundiñano ‘Zato’
Zama Doinuz Arinduko antolakuntzako kidea

«Urte hauetakoak erakusten du euskal musikagintzan badagoela konpromisorako tartea»

Zama Doinuz Arindu jaialdiaren 8. edizioa egingo da aurten, Etxarri Aranatzen, urtarrilaren 15ean, igandearekin. Bi pase izango ditu, bata 17:00etan eta, bestea, 19:30ean, eta sarrerak eskuratzeko moduan daude Etxarri Aranazko Udalaren webgunean.

Mikel Mundiñano ‘Zato’ lehen ediziotik dago Zama Doinuz Arindu antolatzeko taldean. (Saioa ‘Gau ilunak’)

This browser does not support the audio element.


Mikel Mundiñano hasieratik dago ekimen honen antolakuntzan buru-belarri eta harekin aritu gara hizketan jaialdiaren nondik norakoak azaltzeko. Izan ere, jaialdia auzolanari esker aurrera ateratzen da, eta horrek guztiak duen esanahia azaldu digu nafarrak.

Zuek apaletik hitz egiten duzue, jaialdi txikia dela esanez, baina honek ere hilabete luzetako lana du atzetik, ezta?

Formatu txikia eta lokala da. Bagenekien hasieratik gure xumetasunetik ere gauzak ongi eta txukun egiteko aukera genuela. Lan talde xumea dugu, eta horietatik asko beste kontuetan ere badabil eta beste lehentasun batzuk ere baditu, baina lortu dugu zazpi urte hauetan lan talde sendo bat osatzea eta jaialdi hau aurrera eramatea. Hilabeteetako prestakuntza dago atzetik eta pixkanaka-pixkanak ateratzen dugu aurrera, hori baita auzolanak duena, eta gure herrian auzolanetik zerbait badakigu.

Besteak beste, zuen lan taldeko kide asko eta asko Hatortxu Rocken ere aritzen da lanean.

Modu batean edo bestean egia da han ere gure lan taldeko kide asko ibiltzen dela, baina baita presoen eskubideen aldeko bide horretan dauden beste ekimenetan ere. Azkenean, gure herriko errealitate bati erantzuteko sortu zen Zama Doinuz Arindu eta beti egin nahi izaten dut azpimarra horretan. Etxarri Aranatzen azken 47 urtetan 15 hilabetez soilik ezagutu dugu preso politiko edota iheslari gabeko herri bat. Horrek, gure ustez, hausnarketa sakon batetarako ematen du eta 2016an hasi ginenean hori jartzen genuen mahai gainean. Errealitate horrek gure egunerokoan sekulako eragina izan du, 40 etxarriar inguruk ezagutu dute espetxea barrutik eta guztien artean 300 urteko kartzela zigorra dute pilatuta.

Egia da Zama Doinuz Arindu sortu zenetik urrats garrantzitsuak eman direla, baina egia da errealitate gordin bati erantzun nahi zitzaiola eta doinu bidez arindu nolabait ere errealitate gordin hori.

Berrogei inguruk ezagutu dute kartzela ziegatik, baina gainerako herritar askok ere ezagutu du zer den espetxea.

Hasi ginenean zazpi ziren espetxean ziren herritarrak eta horrek eguneroko bizitzan eragiten zuen. Nork ez du ezagutu asteburuero-asteburuero milaka kilometro egin behar dituen kuadrillako hori, lagun hori, senide hori… Herriaren errealitatearen parte izan da hori. Egia da gure herrian urrunketak eta sakabanaketak ardaztutako espetxe politika baten aro historikoaren amaieran gaudela, eta hori ere mahai gainean jarri behar da, baina errealitate honetan ere bide luzea daukagu egiteko eta salbuespen neurriak indargabetu behar dira oraindik ere preso guztiak etxerako bidean jartzeko.

Udalaren babesa ere azpimarratzekoa izango da Zama Doinuz Arindu aurrera eramaterako garaian, ezta?

Bai, lehen esan dut auzolana dela oinarria eta dena hortik abiatzen dela, baina Udalak ematen digun laguntza ere garrantzitsua da. Gure helburua euskal presoei aplikatzen zaien salbuespeneko legedia hori salatzea da, ematen diren eskubide urraketa horiek agerian uztea eta hori guztia doinuz arintzea. Euskal Herriko hainbat abeslari ezaguni gonbidapena luzatzen hasi ginen eta gonbidapen xume horrek erantzun ona izan du gaur gaurkoz.

Argi uzten diegu herri mailako ekimen bat dela, gure herrian ekimen honek baduelako garrantzia. Zazpi urte hauetan gure kultur etxe txiki honetatik 56 abeslari ezagun pasa dira eta horrek adierazten du badagoela elkartasun bat musikarien artean horrelako ekimen xumeei babesa emateko.

Ekimen xumeak helburu handiak dituelako atzetik.

Bai, hori da. Horrelako ekimenekin, zabaldu nahi den mezuak duelako garrantzia. Herri mailako zerbait izanda, bi saio ere egin behar ditugu, espazioa txikia delako. Baina jende kopuruz sekulako jendetza hartu ezin badugu ere, zabalkundea badu gure mezuak eta hori da garrantzitsuena.

Aurreko urteetan esan duzu 56 artista pasa direla, kontaiguzu pixka bat zer nolako giroa egoten den Zama Doinuz Arindu jaialdian.

Nik uste dut oso goxoa eta hunkigarria dela. Toki txikia eta goxoa da Etxarri Aranazko kultur etxea eta horrek ere ahalbideratzen du hori. Guk jaialdia antolatzen dugun moduak ere nik uste baduela zerikusirik goxotasun horrekin. Mezuarekin eta musikarekin jolasten dugu eta saiatzen gara kontakizun bat sortzen horrekin, errealitate bat azaltzen dugu musikaren bidez. Gonbidatzen dugun talde bakoitzak pase bakoitzean bi abesti jotzen ditu, bietan berak, eta horrek ere nahikoa dinamika ematen dio ikuskizunari berari. Zortzi artista pasatzen dira oholtzatik eta horrek ere kolorea ematen dio, estilo desberdinetako jendea biltzen dugulako eta, ondorioz, kontzertu dotorea bihurtzen da.

Kartela osatzeko, nola moldatzen zarete?

Lehenengo irizpide bezala, Nafarrak eta Sakanakoak dugun burugogor fama baliatuz, ez errepikatzea dago. Uste dugu horrek ere beste dimentsio bat ematen diola uste dugu jaialdiari eta Euskal Herrian dauden abeslari edota talde desberdinengana jotzeko aukera ematen digu eta pixkanak Etxarrira etortzeko gonbidapena luzatzen diegu askori. Horrek zailtasun handia du, dagoeneko asko pasa direlako eta urtetik urtera zaildu egiten da. Baina oraindik ate asko daude jo gabe, beste batzuk jo eta ezin izan dute etorri agenda arazoengatik, baina ez errepikatzearen apustuari eutsi nahi diogu. Zama Doinuz Arindu jaialdiak ere espero dugu laster pertsiana botako duela, Hatortxuren antzera, horretarako jaio zelako.

Bitartean, etorri ez direnen zerrenda osatzen jarraituko dugu, estilo eta genero ikuspegia kontutan hartzen dugu eta modu horretara osatzen da kartela.

Aipatu duzun goxotasuna tarteko, musikariak ere pozik irtengo direnaren susmoa badut.

Gure xumetasun horretan uste dut sartu garela musikarien arteko zirkuitu horretan. Bere izena hartu du erreferentzialtasuna nahiz eta xumea izan proposamena.

Aurtengoan ere zerrenda polita osatu duzue, denek ere azken bi urteen barruan diskoren bat kaleratu dute, gainera.

Zortzikote hau nik uste badela Euskal Herriko eszenatoki desberdinetan egurra ematen ari direnak. Oso pozik gaude kartelarekin, guretzako luxua delako horrelako zortzikotea izatea.

Tatxers taldea aditzeko, esaterako, ez da aukera askorik izango eta zuenean izango dira. Adin tarte zabala hartzen duzu Zama Doinuz Arindun, halako taldeak Jon Maiaren edota Loreleiren proposamenarekin batera jarrita.

Bai eta horretan ere saiatzen gara. Estilo desberdinek adin desberdinetako jendea erakartzen duela badakigulako eta aukera horien artean gero sortzen da kartela. Gazte belaunaldi berriak izango dira nolabait ere Tatxers eta Olaia Inziarterekin, edota Nøgenekin, baina aspaldiko batzuk ere badira tartean eta horiek gurean izatea zinez atsegina da.

17:00etan lehen pasea, 19:30ean bigarrena, baina egunean bertan Etxarrin mugimendua izaten al da?

Bai, nabaritzen da, egun polita izaten da gurean. Goizetik nabaritzen da mugimendua, hasteko, musikari guztiek goizetik egiten dituztelako soinu frogak. Aipagarria iruditzen zait etortzeko egiten duten ahaleginaz gainera, egun guztirako etortzen direla. Goizean etorriko dira eta gero sukaldari profesional batek prestatutako otordua izaten dugu Karrikestu elkartean eta gero hasten da Zama Doinuz Arindu.

Baina musikariez gainera, tabernetan ere nabaritzen da mugimendua. Ekimena bera ezagunagoa egiten ari den heinean, Etxarritik eta Sakanatik kanporako jendea ere bertaratzen delako eguna gurekin pasatzera.

Sarreren salmenta zer moduz doa?

Bada ondo doa. Egia da lehenengo saioa beti lehenago betetzen dela eta aurten ere horretarako geratzen dira sarrera gutxiago, baina oraindik badira arratsaldeko 19:30erako sarrerak. Espero dugu urtero bezala sarrera guztiak salduko direla, hortaz, bertaratzeko asmotan dabilenak bizi ibili beharko du sarean edota Etxarriko Lekuona edota Xapatero tabernan sarrera erosita.

Baten batek akaso ezin du joan, baina Zama Doinuz Arinduri ekarpena egin nahi badio, badago horretarako modurik?

Ez dugu sekulan ere halakorik planteatu, sarrerak saltzea delako gure helburua, baina ongietorriak izaten dira beti halako ekarpenak eta antolakuntzarekin harremanetan jarrita moldatuko ginateke, jakina. Baina, esanda bezala, gure ahalegina sarrera guztiak saltzea izaten da eta horrekin ekarpen polita egiteko aukera ematen digu senideek bizi duten salbuespeneko espetxe politika horri aurre egiteko.

Dispertsioaren bukaeraren atarian gaudela aipatzen dugu maiz, baina horrek ez du esan nahi gastuak bukatu direnik.

Ez ez, inondik inora ere ez. Salbuespena bera oraindik arau da eta horri aurre egiteko arlo ekonomikoak garrantzia berezia behar du izan oraindik ere, eta urrunketaren bukaerak zama handia kendu duen arren, beste gastu garrantzitsu asko daude orain hasten dugun bigarren etapa honi aurre egiterako garaian.

Kartzelatik irteten diren presoak gerturatzen al dira jaialdira?

Atera diren azken hiru presoek lehen Zama Doinuz Arindu izango dute eta pentsatzen dut agertuko direla. Beti saiatu izan gara eta aurten bere biziko garrantzia izango duela uste dut, Hamaika Telebista eta Ahotsarekin elkarlanean emanaldia irudietan jasotzen. Datozen asteetan emitituko da aurtengo jaialdia bertan eta lehenengo aldiz Euskal Herriko espetxeetan dauden presoek bertatik jaialdia ikusteko aukera. Gu asko betetzen eta hunkitzen gaituen zerbait da hori eta etorkizunera begira jartzeko aukera ematen du honek ere, eta Etxarriko kultur etxean doinuz arindu nahi dena, eremu desberdinetara ere eraman behar da egoerari behingoz konponbidea emateko.

Kartzeletara musika helaraztea ez da gauza erraza izan, gaur egun errazagoa al da?

Gogoratzen dut oraindik ere espetxeetara disko eta zintak sartzea ezinezkoa zenekoa. Gaur egun errazagoa da Euskal Herriko espetxeetan daudelako gehienak eta kontsumitzen dutena bertakoa delako. Euskal Herriko haize fresko ere pentsatzen dut ziegako barroteetatik barrura ere errazago sartuko dela eta horrek beste aldarte bat ere emango dio preso horri. Barrote eta pareta lodi horietatik barrura goxotasuna helarazteko beste modu bat ere bada eta hori, noski, bada Zama Doinuz Arinduren helburuetako bat.

Ez dakit zerbait gehiago gehitu nahiko zenukeen bukatzeko.

Akaso errepikatu egingo naiz, baina bai jarri behar dela balioan Zama Doinuz Arindu jaialdiari begira artistek gurekiko izan duten jarrera. Zazpi urte hauetako zerrendak erakusten du euskal musikagintzan badagoela konpromisorako tarte bat eta euskal musikako panoraman daudenen artean badagoelako ekarpen bat halako ekimenak aurrera eramateko. Eta, bestetik, auzolanaren balioa. Auzolanak egiten gaitu herri eta halako ekimenetan ikusten da argi zer nolako indarra duen horrek. Ez baita solik lanerako jartzen den borondatea, baizik eta beren inguruan eragiteko duten gaitasuna, ahoz-aho, etxez-etxe eta atez ate joaten gara elkartasun hori ereiten eta horrela ateratzen dira halako emaitzak.

Orain arte egindako lanaren balioa azpimarratu behar da baina mezua zabaldu behar dugu etorkizunean eman beharreko pausoetarako prest egon behar dela, konponbidean jarri behar delako presoen afera eta halako ekimenek balioa dute. Eta, nola ez, bere aitortza egin behar zaio sarrera erosten duen entzule bakoitzari, herri aktibazio gabe halako ekimenek ez luketelako zentzurik izango.