‘Hil bedi alkatea!’, XX. mende hasieran sokamuturra debekatu zutenekoa
1902an Espainiako Erregearen agindu bati segituz Donostian izugarri sustraitua zegoen sokamuturra debekatu zuen Udalak. Protesta handia eragin zuen eta ehun urte geroago mantentzen diren aldeko eta kontrako argudioak entzun ziren.
This browser does not support the audio element.
1900. urtean gaztelaniaz ‘bueyes ensogados’ izenez ezagutzen zen jarduna debekatu zuten Espainiako Errege Agindu bidez. Bi urte geroago Donostiako Udalak hura nola aplikatu eztabaidatu zuen Osoko Bilkuran: emaitza sokamuturraren debekua izan zen.
Otegik NAIZ Irratiko ‘Hemen gertatu zen’ saioan azaldu du mende hasieran Gipuzkoako hiriburuan gatazka iturri izan zela hori. Debekuaren alde zeuden udal ordezkariek Errege Aginduaren ezinbesteko betebeharra aipatzeaz gain «dibertsio basatia eta atzerakoia» zela omen zioten, baita herritarrak arriskuan jartzen zituela ere.
Beste aldean, sustrai sakoneko ohitura zaharrari eustea eskatzen zuten. Ez zen edonolakoa sokamuturrak zuen zalegoa eta Otegik gogoratu du 1813ko abuztuaren 31n Donostia erabat kiskali zuen erasoaren ostean berreskuratzen ia lehen gauzetakoa izan zela hau; hondakinen artean pasabidea ireki zuten urtebete geroago, hiria erabat txikituta egon arren sokamuturra egin ahal izateko.
1902ko urtarrilaren 14an bozkatu zuen Osoko Bilkurak sokamuturraren debekuaren inguruan: 16 zinegotzi alde, bederatzi aurka.
Protesta izugarria eragin zuen ebazpenak, egun berean sokamuturra kentzearen alde egin zuten zinegotziei irain eta eraso egin zieten, manifestazioa ere izan zen eta Easo kalean garaiko alkatearen etxera joan ziren, ‘hil bedi alkatea!’ oihuka.
Mende hasiera eta 36ko aurrekariak
Sokamuturraren debeku honen pasartea da Josetxo Otegik ‘Hemen gertatu zen’ saioan abiatu duen kolaborazio berriaren lehendabiziko alea. 1900 eta 1936. urteen arteko egoera aztertuko du historialariak bere tartean, XIX. mendetik XX.erako trantsiziorako gako nagusiak emanez eta 36ko faxisten kolpearen aurretik zegoen testuinguru politiko, sozial eta ekonomikoa aztertuz.
Euskal Memoriarentzat, Donostiako oroimen historikoan sakonduz, ‘1900-1936, Belle Epoquetik Urriko Iraultzara’ lana egin du Amaia Rodriguez historiagilearekin batera, galdera bati tiraka: «Nola iritsi ginen 36ra? Zer gertatu zen zehazki Donostian 1900 eta 1936 bitartean?».
Otegik dioenez, iraganak beti erakusten digu egindako bidea eta horixe egin zuten, atzeko ispiluari begiratu. Konturatu ziren sasoi horretako Donostiaren irudi nahiko polita dugula. 1813ko txikizioaren ondoren, non hiria ia desagertu egin zen, berreraiki eta loratze bat gertatu zen. Bretxako harresiak botata, gaur egungo Donostiako zentroa eta beste auzoak zabaldu ziren.
Belle Epoque esaten zaion garaia ere izan zen: Espainiako errege-erreginen bisitak, oporraldiak, turismoa, glamourra... «Baina hurbilago begiratzen badugu ohartzen gara oso ikuspegi partziala dela; alegia, ez da Donostia bakar bat egon, goi mailako burges, aberats eta merkatariena. Hori ere egon zen, baina horrez gain beste hainbat Donostia bizi izan ziren elkarrekin espazio berean».
«Langileak zeuden, baserri ugari, eta arretaz begiratzen badugu ikusiko dugu protesta pila bat egon zirela, mota askotako adierazpenak arazoak zeudenean. Eta XX. mendea, tamalez, arazoz betea egon zen. 19 pertsonak bizia galdu zuten 1900 eta 1936 artean bortxakeria politikoagatik Donostiako kaleetan, hau da, bi pertsona urtero. Esanguratsua da hori».
1900 eta 1936 arteko etapak
Otegik azaldu duenez, 1900 eta 1916 bitarteko aldian oraindik XIX. mendekoak ziren elementu batzuk sumatzen ziren, eta lan eta bizi baldintzei buruzko gatazkak agertu ziren. Sozialismoa eta anarkismoa ailegatu ziren Euskal Herrira XIX. mendeko emigrazioari esker, Espainiako hainbat lurraldetatik etorritako langileen eskutik.
1916 eta 1923 artean beste aldi bat identifikatu dute. 1916an espainiar Estatuko lehendabiziko greba orokorra izan zen, baita Donostiakoa ere. 1917an Errusian iraultza boltxebikea izan zen, eta mundu osoan bezala, gurean ere izan zuen eragina. 1923an Miguel Primo de Riverak hartu zuen boterea eta diktadura iritsi baino lehen errepresioaren aurkako erasoak izan ziren.
Hurrengo etapa 1923 eta 1930 artean kokatu dute, Primo de Riveraren diktaduraren garaian. Tarte horretan ez dute aurkitu protesta soziopolitikoen aztarnarik Donostian. Baina justu bukaeran, isildutako gatazka guztiek eztanda egin zuten: langile mugimendua indarberritu zen, errepresioaren aurkako protestak izan ziren eta espainiar Estatu mailako errepublikaren aldeko altxamenduak ere isla izan zuen.
1930 eta 1934 bitartean Bigarren Errepublika hasia zen, itxaropen handia zegoen, askatasun gehiago, baina urtegi bat apurtzen denean ura bere indar guztiarekin ateratzen den bezala atera ziren tentsio guztiak. «Langileek egoera hobetzeko premia handia zuten, 1929an krak ekonomikoa izan zen New Yorken, eta mundu mailako krisi bat, berriz ere klase xumeenek nabaritu zuten. Ategorrietako sarraskia ere gertatu zen, langileen sarraskirik okerrena Euskal Herrian». Berriz agertu zen iraultzaren aukera 1934an, batez ere Asturiasen baina gurean ere bai. Urte berean, ‘euskal berezitasuna’ agertu zen, ‘euskal udalen errebuelta’.
1934 eta 1936 aldia identifikatu dute gero. Orduan faxismoaren eta antifaxismoaren arteko antagonismoa argi eta garbi ikusi zen Donostiako kaleetan.
‘Hemen gertatu zen’ saioaren hurrengo ataletan jorratuko dituzte aldi hauek guztiak.