Zumetaren koloreak, musika doinu
Mikel Telleria musikariak ‘Zumeta’ diska aurkeztu zuen azaroan. Margoa kantuetara eramaten ahalegindu da Idiazabalgoa. Margolari usurbildarraren omenez sortutako kantua abiapuntu hartuta, hamaika kantuk osatutako kontraste handiko diska ondu du.
This browser does not support the audio element.
Azaroaren 16an aurkeztu zuen Mikel Telleriak ‘Zumeta’ diskoa, 2020ko apirilean hil zen margolari usurbildarraren omenez. Jose Luis Zumetaren margolanak bezala, kontraste handiko diskoa da, kantak anitzak dira musikalki zien gaiari dagokionez: batzuk margolariaren ekarpena eta arte-kontzeptua islatzen dute; besteek ordea, gai sozialak jorratzen dituzte, tartean, fake newsak edota migrazioa.
Itxialdia hasi berritan elkarrizketa batean Zumetari beharragatik margotzen zuela irakurri ahal izan zion; oreka ematen ziola azaldu zuen margolariak. Erantzunarekin liluratuta, kantu bat idazteari ekin zion idiazabaldarrak. Kantu horretan margoen eta mihise zuria bizitzeko motibo gisa hartu zituen, eta ideia nagusi horretatik tiraka jaio zen ‘Zumeta’ kantua.
Bernardo Atxaga laguna du Mikel Telleriak, eta hari kontatu zion eskuartean zuena. Atxagak jarri zuen harremanetan margolariaren alaba Usoa Zumetarekin eta kantua entzun ostean, proiektua martxan jartzea erabaki zuten. Familiaren babesa eta lana oinarrizkoa izan dela azaldu du musikariak.
Usurbilgo Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza ekonomikoa jaso zuten. Eta bidelagun askoren lana izan da diskoaren atzean. Koldo Uriarte baxulariaren laguntza azpimarratu du Telleriak. Familiak, bere aldetik, Zumetaren bi margolan hautatu zituen diskoaren azala eta barnealderako.
Diskoa azaroaren erdialdean aurkeztu zuten, margolariak Usurbilen zuen tailerrean. Lanak ez dira amaitu, ordea. Telleriak azaldutako moduan, ahalik eta kontzertu gehien eskaintzea izango da datozen hilabeteetako asmoa. Lan gutxi ez, eta hurrengo diskan pentsatzen hasia dela aitortu du musikariak.