IRRATIA

Euskal selekzioaren partida zuzenean, NAIZ Irratiaren jarraipen berezian

Astearte iluntzean (19.00) euskal selekzioa berriro zelaian ikusi ahalko dute zaleek. Mendizorrotzan da hitzordua eta Txile izango du parean. NAIZ Irratiak zuzenean eskainiko du partida lan talde zabal baten eskutik. 

Selekzioaren 2021ko partidako une bat (EFF | RSO)

Pandemia giroan jokatu zuen futboleko emakumezkoen euskal selekzioak azken partida, zalerik gabe. Astearte honetan zaleek aurrez aurre gozatu ahalko dute berriro gure selekzioaren partidaz. Mendizorrotzan da hitzordua, 19.00tan, eta Txile izango da aurkaria. 

NAIZ Irratiak kirol emankizunen zuzeneko berezien bidetik (Tourra, Kontxako bandera...) apustu berezia egin du partida honi begira eta zuzenean eskainiko du Euskal selekzioa - Txile partida Mendizorrotzatik bertatik. 

Horretarako lan talde zabala ariko da lanean Gasteizko futbol zelaitik bertatik. Iker Gurrutxagak gidatuta, Ion Garate KirolHariako gidariaren kontakizunarekin eta Ane Urkiri eta Zuriñe Iglesias NAIZeko kirol erredakzioko adituen iruzkinekin. 

Selekzioaren partidak gehigarri sozial nabarmena du eta baita emakumezkoena izateak ere. Peli Lekuona lankidea zaleen artean izango da partidak bere bueltan dakarren guztia jaso asmoz. 

Ondorioz, lan talde zabal bat, apustu berezi bat eta galduezineko irrati emankizuna izango da asteartekoa. 

Aldaketak programazioan 

Selekzioaren partidaren emankizunaren ondorioz astearte honetan ez da Haria Bertatik izango eta Hemen Gertatu Zen memoria programa 19.00etan ordez 21.05ean izango da, 21.00etako boletinaren ostean. 

Non entzun?

Internetez NAIZ Irratia zuzenean

FM frekuentziak:

Donostia 93.8
Urola 91.8
Goierri 102.2
Legazpi 94.6
Bilbo 92.2
Gernika 96.7
Durango 97.4
Gasteiz 91.5
Bortziriak 103.1
Leitza 95.1