Salda badago, araka dezagun
Euskal Herriko Bilgune Feministak eta Emaginek Susa argitaletxearen eskutik aurkeztu dute ‘Araka ditzagun gure bazterrak. Kritika dekolonialak zeharkaturiko ibilbide bat’. Jule Goikoetxeak koordinatutako LISIPE bildumako 11. alea da. NAIZ irratiko setean izan dira Ainhoa Olaso eta Marina Urkidi.
This browser does not support the audio element.
2019an Durangon bertan ‘Salda badago’ lelopean ospatutako jardunaldi feministetan kidego arrazializatuaren partetik jasotako interpelazioa pizgarri izan zen aurrez lantzen zentozen hausnarketei bide emateko. Nazio, genero eta klase zapalkuntzen uztarketa hanka-motz gelditzen zela ulertuta, pribilegiodunen posiziotik arrazismoaz eta dekolonialitateaz hausnartzeari ekin zion Bilgune Feministak. Emagin formakuntza eta ikerketa elkartea bidelagun izan dute prozesu horretan. Lan kolektiboa izan da, eta luzea. Herri eta auzoetako militanteekin espazioak zabaldu eta elkarrekin ondutako hausnarketak plazaratu dituzte.
Euskal Herritik Euskal Herrira begirako hausnarketa da egindakoa. Proiektu europar zuriaren barne kokatuz euren buruak lehenik; hau da, pribilegiodun emakume gisa eta, beraz, horrek dakarren arduraren jabe izanik. Eta bigarrenik, nazio zapaldu bateko herritar gisa. Bi noranzko bidea, beraz.
Espazio seguruak sortu dituzte elkarrekin pentsatzeko. Ariketa zintzotasunez egin eta lasaitasunez adierazi ahal izateko ideia guztiak. Beldurrak azalerazi dira bidean, adibidez, Euskal Herriak jasandako kolonizazio prozesuari buruzko ulerkerari buruz. Kontu horiei eta gehiagori erantzuten saiatu dira Euskal Herriko Bilgune Feministako kideek.