«Joxe Mari Auzmendiren espiritu bateratzailea islatu dugu liburuan»
'Euskal pedagogoa lokatzetan' liburu berezia idatzi dute Hik Hasi elkarteko kideek. A-tik Z-ra, Joxe Mari Auzmendiren lana, ibilbidea eta balioak jasotzen dituen liburua da.
This browser does not support the audio element.
1993ko publifikazio prozesu gogorrak markaturik, bere indar guztiak batasuna lortzera bideratu zituen Joxe Mari Auzmendik, hezkuntza herri bat josteko hari gisa ulertzen baitzuen. Hezkuntza nazionala, irakasleena, baterakoia, irekia, plurala eta independentea dira hasieratik aldarrikatutako baloreak, eta horietan oinarrituta sortu zuen Hik Hasi egitasmoa.
Joxe Mari zendu zen arren, bere pedagogiek bizirik diraute, eta omenaldi gisa bere lana, bizitza eta batez ere balioak jasotzen dituen liburua argitaratu dute 'Euskal pedagogoa lokatzetan' izenburupean. Hik Hasiko kideez gain hamaika izan dira parte hartu duten egileak; Lorea Agirre, Joseba Sarrioanandia, Jon Sarasua, Pirritx Porrotx eta Marimotots, Maialen Lujanbio eta Kristina Mardaras, besteak beste. Ainara Gorostitzu eta Olatz Lasagabaster izan dira gurean: «liburua egitea dolu bat egitea izan da guretzako; baina erraza izan da».
Indar handikoa, baikorra, jolastia eta ausarta dira besteak beste ezagutzen zutenenk Joxe Mari deskribatzeko erabilitakoak; «irria eta besarkada dira liburuan gehien errepikatzen diren hitzak». Euskal hezkuntzaren eredu propioaren alde lan nekeza egin zuen, jolasaren, euskararen eta hezkuntzaren gaitasun transformatzailearen defendatzaile sutsua izanik. «Hezkuntzaren bidez herri hau josi nahi zuen; haurrak erdigunena jarriko zituen herri hobe bat sortuz». Horregatik, ezagutu beharrekoak dira Joxe Mariren biografia eta haren lana; eredugarri izateaz gain akuilu ere badirelako.