IRRATIA

Manuel Iturrioz: abeltzain, mikelete, gudari eta Comete sareko kidea

Abeltzaina, mikeletea, gudaria, Comete sareko kidea, mugalaria eta espartingilea izan zen Manuel Iturrioz. Arriskuz beteriko haren bizia ezagutu dugu NAIZ Irratiko ‘Hemen gertatu zen’ saioan.

Manuel Iturrioz eta Pedro Okamika mugalariak (. | .)

This browser does not support the audio element.


Manuel Iturrioz Orexan sortu zen eta, Arizkunen morroi lanetan aritu ostean, mikelete sartu zen. 1936ko gerrarekin bat, milizianoekin elkartu zen. Asturiasen preso sartu zuten. Baina mugaz bestaldera ihes egin ostean, borrokan segitu zuen kapitain mailarekin. Donibane Lohizunen zelarik, Bigarren Mundu gerra piztu zen eta Comete sarean aritu zen lanean, alemaniarren eremu okupatuan erortzen ziren hegazkin pilotuei muga pasatzen laguntzen.

Ibilbide horren berri “Manuel Iturrioz, borrokalari baten bizipenak” liburuan irakur daiteke, idatziak utzi zituen memorietan oinarritutako lanean. Etxean ez zituzten aitaren ibilerak ezagutzen. Hala aitortu dio Andoni Iturrioz semeak NAIZ Irratiari. Aitak, ordea, ez zion inoiz kontatu Comete sarean zer-nola ibili zen, ezta Irungo polizia etxean Meliton Manzanasek torturatu zuenik ere. 1991tik aurrera izan zuen aitak ezkutaturiko bizipenen berri, Manuel hil zelarik, senideek eskuizkribu batzuk helarazi zizkiotenean.

Deskubrimendua

Horixe izan zen Andonirentzat, ilobei dena kontatu baitzien, baina horiek baino anitzez gazteagoak ziren seme-alabei batere ez. «Lau urtez ibili naiz artxiboetan ikertzen, eta ikusi dut nola 1942an Iruñeko Poliziak harrapatu zuen. Hor ziren Bazan eta Manzanas, biak. Bi edo hiru egun egon zen hor, eta ihes egin zuen. Mikeletea izan zen Oiartzun inguruan, mendira joan zen eta han baserriak ezagutzen zituen. Orduan erran zuen: ‘Nahi nuke txoko bat gordetzeko’. ‘Sar zaitez etxean’. ‘Ez, ez, etxean ez dut nahi. Borda batean ere ez’. Nire amaren baserriaren ondoan bazen harpe edo meatze zulo bat eta han egon zen bi hilabete eta erdi. Lagunak etortzen ziren Hernanitik, egunkaria eta tabakoa emateko».

Hor jadanik Cometen sartua zen. Bere liburuan aipatzen du Lezo-Urreztieta, baina artxiboetan ez da hala agertzen. Hauek diote Alejandro Elizaldek galdetu ziola mendiko bideak eraikitzeko talde batekin. «Zaila da taldekideen izenak atzematea. Geroztik Cometeko buruarekin mintzatu nintzen zendu baino lehen, Erroman. Harekin aitarekin baino gehiago ikasi nuen», onartu du irriz.

1991n zendu zen Manuel, eta ordura arte deus guti zekien Andonik. «Amak kontaturiko gauza batzuk, baina amak ez zekien dena». Mahai inguruan gerrako gaiak ateratzen zirenean hala erraten zien aitak: «Gauza zaharrak dira horiek eta zuek segi aurrera!». Aita isila zen, eta hitz egiten zuenean denak isilik eta entzuten egoten ziren. «Gauza guti erraten zuen, baina beti egokiak. ‘Ongi egiten baldin baduk edo gaizki egiten baldin baduk, beti gauzak hobetu behar dituk’, halakoak».

1991n zendu zen Manuel, eta ordura arte deus guti zekien Andonik: «Amak kontaturiko gauza batzuk, baina amak ez zekien dena»

«Urtero biltzen zen Hernanin hango gudari eta mikelete batzuekin. Ez zuen autorik eta nik eramaten nuen. Egun osoa pasatzen zuen han, bazkari luze bat egiten. Behin, autoan gindoazela, erran zidan Hernanin egon zela Manzanasen zain, hiltzeko, ‘garbitzeko’. Gero Iparraldera joan ginen, Bidasoko bidea hartuz San Migeletik pasatu ginen. Lehengo geltoki bat da San Migel, Behobia eta Elizondo arteko trenarena. ‘Hortik pasatzen ginen gu’, erran zidan. ‘Zer egiteko?’ galdetu nion. ‘Gauza zaharrak dira horiek’».

Hil ostean lehengusuak eman zizkion eskuizkribu horiek. Izugarrizko kolpea izan zen. «Egia esango dizut: ezin nuen irakurri. Bihotzeko mina ematen zidan. Emaztea irakurtzen hasi zen. ‘Interesgarria da’, erraten zidan. Frantsesa da, baina gaztelaniaz ulertzen du. Zati batzuk euskaraz ziren eta, ez dakienez euskaraz zer erran nahi zuen, galdetu egiten zidan eta nik itzuli egiten nion. Hala, poliki-poliki, ni ere irakurtzen sartu nintzen».

Iturrioz
Andoni Iturrioz, Manuelen semea

Lehenbiziko taldea

Manuel Iturriozek Comete sareko lehenbiziko taldea osatu zuen, eta baserri bat atzeman zuen. Mugalariak biltzen zituen, kontrabandistak. Harremana zuen Alejandro Elizalderekin. Sareko buruarekin aski guti, honek ez zituen mugalarien izenak ezagutzen, Florentino Goikoetxea bakarrik, harrapatua izan baitzen eta Baionako espetxetik atera baitzuten. 1942an, aski fite, harrapatu zuten Manuel ere; bi hilabete eta erdi ezkutatuta egon zen, deus gabe gelditu zen, eta zegokion dirua ordaintzeko eskatu zion Cometeri. Azkenean lortu zuen dirua jasotzea, bost bidaiarena.

Manuel Iturriozek Comete sareko lehenbiziko taldea osatu zuen, eta baserri bat atzeman zuen

«Sareak ehunka baziren, baina famatua Comete da. Duela 25 urte Juan Carlos Jimenez de Aberasturi horretaz interesatu eta liburua atera zuen. Eta horregatik, gero historialari anitz interesatu ziren Cometerekin. Baina beste sareak asko ziren eta, adibidez, Gernikako taldeko gudariak aitak pasatu zituen. Parisen ezagutu nituen batzuk. Jose Antonio Agirre ere ongi ezagutu nuen. Haurra nintzen, baina urtero joaten ginen Aberri Eguna ospatzera».

11 hilabete zituela Parisera eraman zuten Andoni. Han ikasi zuen euskara aitarekin eta amarekin. 60 urterekin itzuli zen Euskal Herrira.

Ingelesentzat mezulari

«Gero bazen lan bat: ingelesentzat mezuak pasatzea. Bada historia arrunt polit bat. Aitaren taldean bazen Patxi Okamika. Bien argazkia banuen. Aita ezagutzen nuen, baina berarekin agertzen dena ez. Haren iloba ezagutu nuen duela hamar bat urte hemen, Ziburun, eta argazki bera atera zidan erranez: ‘Hau gure osaba da, hau ez dakit nor den’. Nire aita zen. 1946an Arangoitzeko markesaren anaiarekin sartuak ziren ingelesekin erresistentziako sare batean. Hirurak mendiz joan ziren Donostiara, eta itzultzeko Okamikak eta Arangoitzeko markesaren anaiak ez zuten mendiz etorri nahi, itsasotik baizik. Aitak erran zien ezetz, eguraldi txarra zelako. ‘Zoazte zuek, arrantzale bat atzemango dizuet’. Donostiako arrantzale bat atzeman zien eta Hondarribiraino joan ziren itsasontzi batean. Arrantzaleak erran zuen: ‘Sobera itsaso txarra dugu; nahi baldin baduzue Donibaneko arrantzale bat deituko dugu etortzeko’. Arangoitzeko markesaren semeak liburu bat idatzi du horretaz. Ez zekiten aita sartua zela hor. Ezta Okamika ere. Nik jakin nuen. Mugalarien izenak arrunt guti aipatuak dira».

Horri helduta, liburuan aipatzen da Manuel Iturrioz kezkatuta dagoela une batean erraten diotelako bere izena nahiko aipatua dela. 1940ko hamarkadan Ipar Euskal Herriko inguru hau naziek okupatuta zuten, Gestapo ezarria zen, hainbat sarekada gauzatu zituzten, deportatuak izan ziren, komunistak, auzapezak. Arrisku horren aurrean zegoen Manuel ere. «Nire ustez denbora hartan aski argi ibili zen, lehen harrapatua izan zelako. Ihesi ibili zen, lau-bost aldiz bai».

Gudaria izan zen eta bi aldiz zauritu zuten. Santoñako espetxean sartu zuten eta handik ere eskapo egin zuen. Beti itzultzen zen; bazekien mendiz mendi nondik joan. Santoñatik Bilbora iritsi zen oinez, handik Donostiara trenez, gero Añorga, Astigarraga, Artikutza eta Lesakako bidea egin zuen. «Orexakoa zen aita, mendikoa. Bertan artzain izan zen lehenik. Gero borda bat erosi zion anaiari. Ondoren borda saldu zuen eta Tolosara joan zen. Hor lanean hasi zen, hortik Zumarragara joan zen eta hotel batean hasi zen lanean. Ukuilu bat zuen hotelak eta han lan egiten zuen».

Gudaria izan zen eta bi aldiz zauritu zuten; Santoñako espetxean sartu zuten eta handik ere eskapo egin zuen

Mikelete

Tren gurutze handi bat zen Zumarraga. «Mikeleteak biltzen ziren. Bertan ikasi zuen gaztelaniaz, eta etsamina pasatu zuen mikeletea izateko. Mikeleteak mendian lan egiten zuen lehenik, Oiartzungo mugan, Gipuzkoa eta Nafarroa artean. Bere lana zer zen? Zergak ezberdinak zirenez kontrabandoa bazen hor, eta aita ez zen mugalari, mugazaina zen. Azkenean mugalari bihurtu zen!», kontatu du barrez. «Aduaneroak izan dira kontrabandistarik handienak».

Aita joan-etorrian eta ezkutuan ibiltzen zen. Joaten zenean ez zekien inork noiz itzuliko zen eta ama urduri egoten zen beti. Behin gaua zen, elurra zen, afaltzen ari zirela erdi-erdian xutitzen da eta erraten du: «Joan behar dut hemendik». «Oraintxe etorri zara-eta». Joaten da, eta 30 minutu eta gero mendian galdutako baserria guardia zibilek inguratua zuten.

Zuzena baina gogorra zen aita, ez zuen bere burua aitzinatu nahi, horregatik zalantzak izan zituen semeak liburua argitaratu edo ez. Lehengusuak seguru erran zion, ordea: «Bai, bai, memoriak idatzi ditu, ez bakarrik zuk, besteek ere jakiteko».

Familian pobreak zirela baina beti giro alaian izaten zirela oroitzen du Andonik. Adierazi duenez, aitak sormena eta buru ona zituen, baina haren esaldia zen: «beharrak egiten zaitu». Eta beharraren poderioz izan zen borrokalaria eta pertsona hain mugitua.