IRRATIA

Irungo saioari errepasoa

Sustrai Colinak eskuratu du Baionako saiorako txartela, Irunen 710 punturekin irabazi ostean. Bertsoaldi bikainak entzun ziren goraino betetako Ficoban.

Zaleak Irungo bertso saioan (Andoni Canellada | FOKU)

This browser does not support the audio element.


Larunbat honetan aritu ziren kantuan Ane Labaka, Jone Uria, Maddalen Arzallus, Miren Artetxe, Nerea Ibarzabal eta Sustrai Colina bertsolariak, 2.510 entzuleren aurrean. Sei bertsolaritik bost emakumezkoak izatea ez da ohikoa irudia. Saio beroa izan zen Irungo Ficobakoa, eta publikoak gogotsu erantzun zien bertsolariei txaloka.

Sustrai Colinak irabazi zuen saioa, lan bikaina egin ostean. Ezustekoa beste bertsolarien puntuazioarekin iritsi zen Ficobara, esperokoa baino baxuagoak zirelakoan. Honakoa izan zen larunbateko sailkapena:

Sustrai Colinak 710 puntu
Nerea Ibarzabalek 673 puntu
Jone Uriak 660,5 puntu
Miren Artetxek 644,5 puntu
Maddalen Arzallusek 635 puntu
Ane Labakak 631,5 puntu

Finalaurrekoen lehen itzulia amaierara iristen ari da gutxika, Durangoko azaroaren 12ko saioa izango da azkenekoa. Kantuan izango dira Aitor Bizkarra, Aitor Mendiluze, Beñat Gaztelumendi, Eñaut Martikorena, Julio Soto eta Saioa Alkaiza.

Jada kalkulagailua eskutan kinielak betetzen hasiak dira asko. Hala ere, finalerako txartelak eskuratzeko lehiak tartea du oraindik ere, Irungo saioaren ostean, estu jarraitzen baitu behin-behineko sailkapenak.

Amurrion, Baionan eta Bilbon ospatuko dira finalaurrekoetako bigarren itzuliko saioak. Amurrioko saioa azaroaren 19an izango da eta momentuz ezagun dugu bertan kantuan arituko direla Alaia Martin, Elizondoko irabazlea, eta Oihana Iguaran, Donibane-Garaziko lehena. Baionan azaroaren 26an kantatuko du Sustrai Colinak beste bost kiderekin batera, eta Bilbon, abenduaren 3an, Durangoko irabazleak eta beste bostek.