«Patronalak ez du erosahalmena bermatzen eta atzera egiten du hainbat eskubideetan»
Hiru greba egunen artean lehena dute ostegun honetakoa Bizkaiko metalgintza sektorean. Soldatak bizi maila garestitu den neurri berean handitzea nahi dute, baina orain arteko negoziaketek ez dutela horretarako biderik ematen dio LAB sindikatuak. Patronalak jarrera «harroputza» duela diote.
This browser does not support the audio element.
Bizkaiko metalgintza sektorean lan hitzarmena berritu gabe duten honetan, hiru greba egunetan lehena dute ostegun honetakoa 50.000 langile batzen dituen sektorean; ez atzera ez aurrera diren negoziaketetan aurrera urratsak eskatuko dituzte, besteak beste.
Asteartean bildu zen sindikatu eta patronalen arteko negoziaketa mahaia azkenekoz, baina sindikatuek salatu dute enpresen ordezkariak ez direla «gai» euren eskakizunak ulertzeko. LAB sindikatuko ordezkari Iratxe Azkuek azaldu dio NAIZ Irratiari jarrera «erabat harroputzarekin» bertaratu zirela enpresarien ordezkariek bilkurara,«negoziatzeko intentziorik gabe»; eta horren erakusle, mahai gainean jarri zuten proposamena: «Proposamen horrek ez zuen gure eskakizunetako bat bera ere betetzen. Ez zuen erosahalmena bermatzen eta, gainera, zenbait eskubide okertzeko bidea ere eman zuen».
Enpresarien ordezkariek aitzakiak eta tranpak darabiltzatela esan du Azkuek: «Darabilten aitzakia irabazirik ez dutela da. Baina irabaziak izan badituzte; ez beharbada aurreikusitako modukoak, baina irabaziak bai. Hortxe dago koska». Akordioaren bidera gerturatzeko, argi dituzte eskakizunak: «Erosahalmena bermatu egin behar dute, bai ala bai; honetarako ez dago aitzakiarik. Eta euren proposamenean egin dituzten atzerapausoak kendu egin behar dituzte mahai gainetik». Horiek gabe, ez dela akordiorako modurik izango gehitu du Azkuek.
Bere momentuan Araban bezala, Nafarroan ere aste honetan sinatu dute CCOO eta UGT sindikatuek metalgintzako lan hitzarmena. Azkuek dio Bizkaian zeharo ezberdina dela egoera eta beharrezkoa dela «bertara egokitutako negoziaketa» burutzea, presiorik gabe.