Elizondoko finalaurrekoaren errepasoa
Larunbatean ekin zion Bertsolari Txapelketa nagusiak finalaurrekoen lehen itzuliari. Elizondoko saioan Alaia Martin gailendu zen 729,5 punturekin eta Amurrion kantatzeko txartela irabazi zuen.
This browser does not support the audio element.
Final laurdenak Lizarran amaitu ziren, eta saiorik gabeko asteburuaren ostean bertsoari berrekin dio Bertsolari Txapelketa Nagusiak. Larunbatean 1.400 bertsozale elkartu ziren Elizondoko Baztan Pilotalekuan. Maila handiko saioa ondu zuten Agin Laburu, Alaia Martin, Iñaki Apalategi, Joanes Illarregi, Onintza Enbeita eta Unai Agirre bertsolariek. Agirreren lehen saioa izan zen Elizondokoa, aurreko txapelketako finalista izateagatik zuzenean zegoen sailkatua.
Gai-jartzaile lanetan Amaia Castorene aritu zen eta epaimahaia Ainhoa Arregik, Bakarne Urreagak, Ekaitz Elorriagak, Eneritz Azkuek, Joseba Beltzak, Joseba Santxok eta Maialen Berrak osatu zuten.
Honakoa izan zen larunbateko sailkapena:
Alaia Martin 729,5 puntu
Joanes Illarregi 711 puntu
Agin Laburu 677 puntu
Unai Agirre 652,5 puntu
Onintza Enbeita 639,5 puntu
Iñaki Apalategi 623 puntu
Alaia Martinek eraman zuen txapela eta Amurrioko saiorako sailkatu zen. Agin Laburuk lortu zuen, bestetik, ariketako puntuazio altuena: puntutan 159,50-ko marka eskuratu zuen.
Hurrengo saioa Donibane Garazin ospatuko da, Jai-Alai pilotalekuan. Kantuan izango dira Aitor Etxebarriazarraga, Amets Arzallus, Asier Azpiroz, Haritz Mujika, Nerea Elustondo eta Oihana Iguaran. Zihara Enbeitak gidatuko du saioa.
Bertsolari Txapelketa Nagusia NAIZ irratian
NAIZ irratiak txapelketaren jarraipen berezia egingo du baita itzuli honetan ere. Astero moduan, saioen errepasoa egingo du NAIZ irratiak astelehenetan, arratsaldeko 15:00etan, KulturHaria saioan (datorren asteko saioa, azaroaren 2an, asteazkenean izango da). Astearte honetatik aurrera, bestalde, gaueko 22:00etan txapelketari begiratu zorrotza emango dio Iraitz Mateok hainbat gonbidaturekin batera. Astearte honetan Amagoia Mujika, Jon Abril eta Koldo Geruzaga arituko dira solasean, Elizondoko saioa errepasatzen eta ariketa berrien inguruan gogoetatzen.