IRRATIA

«Euskaraz rol jokoak egiteko helburua du Beldurrolak»

ROLARIAK euskal rolarien atariak antolatuta 'BELDURROLA' ekimena egingo da urriaren 20tik 23ra Donostian. Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 32. astearekin lankidetzan, testuinguru hori baliatu dute partidak antolatzeko. 

This browser does not support the audio element.


Euskal rolaren zaleek hitzordua dute aste honetan.'Beldurrola' ekimenaren partidak ostegunean eta ostiralean Egiako kultur etxean izango dira eta larunbatean eta igandean berriz, Egia auzoan bertan dagoen Ebla liburudendan. 

Pello Gutierrez, Rolariakeko kidea eta Beldurrola ekimenaren antolatzaileetako bat gonbidatu dugu Bigarren Kafera. Euskarazko rol partidak egiteak ematen dio ukitu berezia Beldurrolari. «Oso nitxozko jarduera bat da oraindik; baina pixkanaka pixkanaka, euskal munduak rol jokoei buruz entzun du eta horren bitartez jendea gerturatzen ari da». Rolaldia bezalako ekimenak ere egiten dituzte.

Jendea rol jokoetara gerturatzen saiatzea da Rolariaken erronketako bat. Mahai baten inguruan eseri eta irudimen pixka bat izatea da behar den bakarra. «Jendeak beldur pixkat badauka, ezagutzen ez duenez, lotsa ematen dio rolean aritzeak». Lehen partidan irudimen gehiegi ez duten jokalariak dauden bezala, lehen unetik harridura eragiten jokalariak agertzen direla adierazi du Gutierrezek. Parte hartzearen inguruan, aurten emakume gehiago ari direla izena ematen adierazi du eta hori positibotzat baloratu du.

Ostegunetik igandera jokatuko diren partiden inguruan, beldurra eta fantasia izango dituzte ardatz baina gai sozialei ere helduko zaie. Adibidez, ostiralean, Pasabidea izeneko partida jokatuko da. Bidasoa ibaia zeharkatu nahian hiltzen diren migranteen aferaren bueltan. «Bidasoako muga zeharkatzen hil diren migranteei omenaldia egin dugu; kontu handiz jokatu behar da, errespetuz, baina erronka pertsonal bat da». 

Beldurrola ekimenaren eta rol jolasen inguruan aritu gara Pello Gutierrezekin Bigarren Kafean.