Noiz arte izango dira Getaria eta Euskal Herria herri arrantzale bat?
Itsasoari begira egon den herria itsasoari bizkarra ematen bizi den garai hauetan, nortasuna berreskuratzeko lana osatu du zuzendariak. «Getariarrak moiari begira baino kalean gora begira ari dira» esaten da Gerekak zuzendutako 'Itsasoak pizten gaitu' dokumentalean.
This browser does not support the audio element.
Asko eman die itsasoak bai Getariari eta baita euskal kostaldeko beste hainbat herriri ere, itsasoarekin loturiko langintzetan familia osoak aritu dira eta itsasoaren inguruko kultura garatu da. Baina urteek aurrera egin ahala eta belaunaldiz belaunaldi, lotura hori aldatzen doala dirudi. «Denok gara kontziente ez garela izan ginenak» esan du Beñat Gerekak Bigarren Kafea saioan.
Noiz arte izango dira Getaria eta Euskal Herria herri arrantzale bat?», galdera horixe egiten du Beñat Gerekak 'Itsasoak pizten gaitu' dokumentalean. Getariak eta itsasoak izan duten eta gaur egun duten harremana zein den jakin nahian eraman du aurrera proiektua.
Dokumentaleko une batean esaten den moduan, getariarrak moilara begira baino kalean gora begira gehiago bizi dira gaur egun. «Nik neuk ez nekien nondik gentozen; zergatik jarri zuen aitonak parrilla kale hartan? Egoerak liluratu ninduen eta transmisio lan horietan hasi nintzen, gure seme-alabei zer kontatua izateko» aitortu digu.
Getariako parrillak jatetxe bihurtu baitira, eta turistak erakartzeko amua. Baina dueela hamarkada batzuk parrillak eta itsasoak harreman zuzena zuten. Arrantzaleak lehorreratu eta arrantzatutako hura tabernara eramaten baitzuten. «Tabernetan geratzen ziren txikito bat hartzen eta harrapatutako hori erretzen zuten parrilan. Gero, 60. hamarkadan lehen udatiarrak etortzen hasi zirenean, haiek ere nahi izan zuten handik dastatu eta hor sortu zen aldaketa sozioekonomikoa herrian», azaldu du.