IRRATIA

Garbiñe Aranburu: «Aberastasunaren bidezko banaketa bermatu behar da»

LAB sindikatuko koordinatzaileak ekonomiaren ohiko neurgailuak alboratu ditu «logika kapitalistari» erantzuten diotelako. Erabaki estrukturalak aldarrikatu ditu, hala nola KPIaren araberako soldata igoerak eginez edota gutxieneko soldata 1400 eurotan ezarriz.

 

Garbiñe Aranburu LAB sindikatuko koordinatzailea. (NAIZ Irratia)

This browser does not support the audio element.


Heltzear diren hauteskunde sindikaletarako Garbiñe Aranburuk hiru erronka plazaratu ditu. «EAEn CC.OOekiko distantzia areagotu eta bigarren postua egonkortzea. Bestalde, ELArekiko tarteak murriztea eta LAB Hego Euskal Herriko bigarren sindikatua izateko bidean jartzea».

Hauteskundeak ez ohiko «gatazka aroan» iritsiko direla sinetsita dago LAB sindikatuko kidea. Testuinguru horren adibide da Arabako metalgintzaren hitzarmena. Aranburuk enpresa txiki eta ertainetan izan dezakeen eragina nabarmendu du. «Arabako metalean 25.000 langiletik gora daude. Erdiak baina gehiagok ez du enpresa hitzarmenik, eta horrek esan nahi duena da sektoreko hitzarmena aplikatuko zaiela». ELA sindikatuak ez du hitzarmena babestu, eta Garbiñe Aranburuk «bestelako interesak» lehenestea egotzi dio. «ELAk badu bere burua gehien aurre egiten duen sindikatua bezalakoa proiektatzeko behar bat, nahiz eta gero indar gutxiago jarri greba horien lanketan eta greba horien eraginkortasunean».

Aberastasunaren banaketa

Iraileko KPIa sei hamarren murriztu da, %9ra heldu arte. Aldi berean, infllazio-tasa %10,8ra iritsi da. Neurgailu honen zifrarik altuena da 1984. urteaz geroztik. OCU kontsumitzaileen elkarteak esana du EAE dela espainiar Estatuaren kasuan prezioak gehien igo diren lurraldeetako bat; ez da hala gertatu soldatekin. Testuinguru ekonomiko honetan, LAB sindikatuko kideak «erabaki estrukturalak» eskatu ditu. Aberastasunaren banaketa, KPIaren araberako soldata igoerak, 1400 euroko gutxieneko soldata eta soldaten arrakalari aurre egitea eskatu du.

Zergen progresibotasunaren arloan LABek «ahalmen handia» ikusten du EAEko kontzertu eta Nafarroako hitzarmenean. Aldiz, ez du borondaterik ikusten Iñigo Urkulluren exekutiboan. «Gertuago ikusten dugu Urkullu lehendakaria eskuinak proposatzen dituen neurri horietatik, zerga politika progresibo bat egitetik baino eta kontzertu ekonomikoa herritarren mesedetara jartzea baino».

Hezkuntza legea

Garbiñe Aranburuk «aukera» ikusten du sindikatu abertzaleak proposatzen duen euskal eskola publiko-komunitarioarekiko trantsizioa egiteko. Hala ere, «aukera erreala» izan dadin, zehaztasun gehiago eskatu dio Hezkuntza Sailak proposaturiko zirriborroan.