«Loraldia hitza ez da egokia, oso film gutxi egiten ditugu euskaraz»
Ramon Agirre aktorearekin kafe bat partekatu du NAIZ irratiak. Zinemaldiaz gozatzen ari da Agirre, 'Black is Beltza II: Ainhoa' filmean parte hartu du, baita "El apagón" telesaian ere; eta biak aurkeztu ditu egunotan. Garagar tabernan elkartu gara, ez da kasualitatea izan.
This browser does not support the audio element.
Boulevardean dagoen Garagar tabernan batu da Garazi Castaño Ramon Agirrerekin. Toki berezia baita antzezlearentzat. Hamarkada batzuk atzera eginda, hantxe biltzen zen Agirre beste aktore hasiberriekin, lanik gabeko egunei kikara eta berriketa artean aurre egiteko. Donostiako Amara auzoan jaioa eta egun Parte Zaharreko bizilaguna da Ramon Agirre; eta ofizioz eta afizioz lotura handia du Zinemaldiarekin. Aktorea, idazlea, umoregilea... `Aupa Etxebeste` filma edota `Goazen!´telesailagatik ezaguna da, besteak beste, baina hamaika proiektutan ibili da Euskal Herrian eta baita Euskal Herritik kanpo ere.
Hiria Zinemaldiaren zurrunbiloan murgildua dagoela eman dio baiezkoa NAIZ irratiaren gonbitari; kafe batean truke, zinema-jaialdiaz, euskal zinemagintzaz, bere ibilbide profesionalaren inguruan, Donostiako hiri-ereduaz... hausnartzeko. Hasierak ez dira errazak izaten euskal antzezleentzat. Baina Zinemaldiak aukera bat eskaini diezaiekeelakoan dago Agirre. Bestelako zinema-jaialdiekin alderatuz gero, Zinemaldia herritarragoa dela uste du aktoreak, eta bere bizipenek ere hori islatzen dute.
Euskal zinemagintza nola ikusten duen galdetuta, disimulatu ezinean ibili da Ramon. Loraldiaren ideiarekin kritiko da, iruditzen baitzaio, besteak beste, euskarazko zinemagintzari dagokionez, oraindik lan handia dagoela egiteko. Pantailak euskaraz plataformak elkarretaratzea egin zuen Zinemaldiaren lehen egunean, jaialdian euskararen presentzia eskasa salatzeko, hain zuzen ere. Agirrek Plataformaren hausnarketekin bat egiten duela azaldu dio Castañori.