IRRATIA

Pantaila erraldoi bat, 2200 ume eta Pepper robota

Bueltan dira ikasleak Belodromoan. Zinemaldiaren aitzakian, 2200 ume pasako dira egunero Belodromotik zineaz gozatzera. Gainera, aurten, EHUko robotikako RSAIT ikerketa taldeak ‘Terra Willy: planeta ezezaguna’ aurkeztuko baitu egunero, Pepper robot sozialaren lankidetza bereziarekin.

Belodromoa bete dute umeek Zinemaldiko 70. edizioan (Jon Urbe | Foku)

This browser does not support the audio element.


Hutsik egon da Belodromoa azken bi urteetan Zinemaldian, baina 70. edizio honetan, pandemia aurreko egoerara bueltatu, eta Belodromora pantaila handira itzuli da, baita, ehundaka ikastetxeetako ikasleak ere. Astetartez, 2200 ikasle inguru pasako dira Belodromotik ‘Terra Willy: planeta ezezaguna’  ikusteko. NAIZ irratiko mikrofonoari ez diote muzinik egin ikasleek eta lotsarik gabe hitz egin dute filmaren atarian eta baita ondoren ere. Filma asko gustatu zaie, baita Pepper robota ere.

Filmari aurkezpen berezia egin diote EHUko robotikako RSAIT ikerketa taldeko kideek, eta lagun berria aurkeztu: Pepper robor soziala.  Pepper agertu denean, harri eta zur utzi ditu Belodromora joan diren haurrak. Hala, aurrez aurre egiaztatu dituzte Pepperren trebetasun guztiak, eta ikusi dute gizaki bat bezalaxe mintzatzen eta mugitzen dela, eta badakiela pil-pilean dauden abestiekin dantza egiten ere.