IRRATIA
Interview
Joxean Fernandez
Zinemaldiko zuzendaritza batzordeko kidea

«Asko gustatzen zait herritarrak Zinemaldiaren jabe izatea»

Zinemaldiaren 70. edizioa hastear dela «haurtzaroko ilusioaz» daude zuzendaritza batzordeko kideak. Euskal zinemaren talentua azpimarratu du Joxean Fernandez batzarkideak. Horren adibide, Mikel Gurrearen ´Suro´filma. «Deskubrimendu hutsa» dela, adierazi du.

Joxean Fernandez, Zinemaldiko zuzendaritza batzordeko kidea. (Juan Carlos Ruiz)

This browser does not support the audio element.


Ordu gutxi falta dira ateak ofizialki zabaltzeko, zein inpresio duzue zuzendaritzako kideek?

Esango nuke, Zinemaldia hasi baino lehen, daukagun beldur bakarra ustekabeak edo ezbeharrak direla. Dena prest dago, antolatuta eta landuta. Zentzu horretan lasaitasunez gaude. Aldiz, Glenn Closeren kasuan ustekabe bat izan dugu. Gauza horiek gertatzen dira, eta aurten tamalez gertatu da.

Pena azkenean bera epaimahai buru izateko aukera ez izateaz, ezta?

Bai, prestigio handiko aktorea da. Asko maite dugu. Donostia saria jaso zuen, eta hori gertatu da. Baina esan dugu hurrengo urterako posible bada bera etortzea gustatuko litzaigukeela. 

Aurkezpenean Jose Luis Rebordinos zuzendariari entzun genion aurten bazeundetela haurtzaroko ilusio moduko batekin.

Bai, pixka bat desberdina izango delako, normaltasunaren edizioa izango delako. Iaz konplikatua izan zen, eta 2020an konplikatuagoa. Denok dakigu zergatia. Orduan, Zinemaldiak gure ikusleekin duen harremana aurten normala bada, guretzat oso pozgarria da. Uste dugu normaltasun hori lortuko dela aurtengo edizioan.

Iazkoa alaia izan zela ondorioztatu zenuten edizio hasiera eta bukaeran, 70. urteurrenekoa halakoa izango da?

Uste dut baietz. Urtero prestatzen duguna da menu bat edo. Nik uste, menu hori prestatzerakoan ulertzen dugu askotarikoa izan behar dela, oso erakargarria. Pelikula indartsuekin, izarrekin eta industria aldetik gure ideia da geroz eta indartsuago ibiltzea.

Beti esaten dut Zinemaldia bukatu eta gero barrutik hausnarketa sakon bat egin behar dugula baina baita belarriak tente izan. Entzun zer esango diguten erakundeek, zer esango duen orokorrean ikuslegoak eta kritikak jaso. Hori dena nahastuta pentsatu beharko dugu hurrengo urtean hobetzeko, beti egiten dugun bezala.

Hobetzeko intentzio horrekin iritsi da zinemaldia bere 70. urteurrenera. Ez dira gutxi. 

Zalantzarik gabe uste dut munduko zinemaldirik garrantzitsuenetako bat garela. Hor dago Cannes. Ziur onena eta garrantzitsuena dena. Gero, Berlin eta Venezia ditugu. Nik uste, gu ere hor gaude. Horrek esan nahi du ohitura kultural hau oso finkatua dagoela. Asko gustatzen zait gure ikusleek eskatzen dutela zinemaldiaren jabetza. Haiena da. Asko gustatzen zait herritarrak Zinemaldiaren jabe izatea. Adibidez, 70. urteurrena ospatzeko erakusketa bat antolatu dugu eta ikusleak dira protagonistak. Zeurea da Zinemaldi hau esaten dugu, eta zuek gabe ezinezkoa litzateke.

Aurreratu duzue Donostia sariak bi izango direla, Juliette Binoche eta David Cronenberg, zer nabarmenduko zenuke bietatik?

Nazioarteko mailan oso arrakastatsuak dira. Juliette Binoche autore zineman Europako izar handienetako bat da, ez bakarrik Frantziako zineman. Naomi Kawaser, Olivier Assayas edo Michael Hanekerekin lan egin du. Sekulako filmografia dauka, eta gainera gure zinemaldia ondo ezagutzen du. Donostia saria onartu zuen eta oso pozik gaude.

David Cronenberg beste Donostia sari mota bat da, baina zinemagile izugarria da, ez bakarrik beldurrezko edo fantasiazko zineman. Orokorrean erreferentzia bat da zinema zale guztiontzat. 

Normalean zale asko izaten dira zer nolako izarrak etorriko diren itxaroten. Baduzu aurreratzerik ia izango ote den sorpresarik?

Rebordinosek esan du badugula pelikula sorpresa bat, eta horri lotuta izango dugu nazioarteko izar distiratsu bat. Azken momentuko bisitak ere izan ditzakegu. Zinemaldian zehar albiste onak etortzen dira. Beti gerta daiteke eta Zinemaldia hain handia denez, gauza hauek gertatzen dira.

Dozenaka film ikusteko aukera izango da, horien artean Sail Ofizialean lehiatuko direnak, zer nabarmenduko zenuke aurtengo parrilatik? Gaiei begira, ohi moduan, denetarik izango da.

Bai, denetarik izango da. Nazioarteko zinemaldi bat gara eta batez ere Sail Ofiziala antolatzen dugunean beti pentsatzen dugu puzzle anitz bat izan behar dela. Nazioarteko mailan, genero aldetik, euskal zinema edo Espainian egiten den zinema. Orokorrean, puzzle hori marrazten dugu eta nik uste aurtengo uzta oso ona izan da.

Nabarmenduko nuke, Euskadiko filmategiko zuzendaria naizen heinean, euskal zinemaren aldetik Mikel Gurrearen lehendabiziko pelikula. ‘Suro’ izugarri gustatu zitzaigun. Bagenekien iaz Venezian izan zela ‘Heltzear’ bere laburmetraiarekin, eta ‘Suro’ ikusi genuenean segituan esan genuen Sail Ofizialera joan behar zuela. New directors saila motz gelditzen zaio. Oso pelikula polita izango da, deskubrimendu hutsa.

Badago beste koprodukzio bat. Ez da zinemagile euskalduna baina hiru euskaldun daude Fernando Francoren ‘La consagración de la primavera’ filmean. Orokorrean estatuko pelikulak maila handikoak izan dira aurten. Carla Simon hasi zen Berlinen garaipena eskuratuz ets Isaki Lacuesta eta Albert Serra Cannesen izan dira, sekulako pelikulekin. Maila handiko Sail Ofiziala izango dugu.

Beti egoten da polemikarako tartea eta aurten Sail Ofizialean ‘Sparta’ filmari lotuta adin txikikoen esplotazioari loturiko salaketak izan dira. Zentzu horretan, nola begiratu duzue auzi hori?

Polemikarik gabeko zinemaldi garrantzitsuak ez dira existitzen. Beraz, urtero badugu polemika. Ulrich Seidlen ‘Sparta’ ikusi genuen, hautatu genuen eta gure ikuspuntua ez da aldatu. Programatzaileak gara, ez epaileak. Epaitegi batek esaten badu pelikula hau debekatua dagoela, orduan ez dugu proiektatuko. Bestela, pelikula Donostian ikusiko da. Programatzaile bezala ezinezkoa da ikerketa bat hastea errodaje horretan zer gertatu zen jakiteko.

Bigarren edizioa izango da genero bereizketarik gabeko sariak banatuko direla, konbentzituta eta egindako aldaketarekin sinetsita jarraitzen duzue?

Kasu honetan pentsatu genuen bereizketarik ez egitea positiboa zela. Momentuz ideia hori mantentzen da zuzendaritza batzordean. Pertsonalki uste dut zinemaldi guztiek berdin egingo dutela. Genero bereizketak egiteak ez dauka zentzu handirik. Baieztatzen badugu neurri hau kaltegarria dela emakumeentzat, iritziz aldatuko genuke zalantzarik gabe. Momentuz ez dugu hori uste.

Sail Ofizialean euskal ordezkaritza 17 filmek osatuko dute. Nola ikusten duzu aurtengo uzta?

Azken urteotan oso baikor nago euskal zineman gertatzen ari denarekin. Nik uste, badago talentua euskal zineman. Erakundeak oso ondo lanean ari dira talentu hori bultzatzeko. Emaitzak iristen ari dira eta zalantzarik gabe hirugarren belaunaldian gauzak desberdinak dira lehenengo bi belaunaldiekin. Lehen biak Madrilera joan ziren. Euskarak oso presentzia txikia zuen, eta hirugarren belaunaldia ez da Madrilera joan eta euskararen presentzia askoz handiagoa du. Hori positibotzat hartzen dut eta baikor egoteko arrazoiak badauzkagu.

Pantailak Euskaraz egitasmoak elkarretaratzea deitu du inaugurazio ekitaldian. Zinemaldiaren eskaintzaren %10 euskaraz izango dela aztertu dute, eta euskararen presentzia handiagoa izatea aldarrikatu dute. Zuzendaritzaren mahai gainean dagoen kezketako bat da?

Irakurri nuen Pantailak Euskaraz mugimenduak bidalitako txostena. Orokorrean bat nator beraiekin, eta nik uste dut hausnarketa hori beharrezkoa dela. Zinemaldian, etorkizunera begira, aurrerapausoak eman beharko ditugu zalantzarik gabe. Badago jorratzen ari garen euskara plan bat. Akaso ñabardura bat gehituko nioke txosten horri. Emanaldiei buruz horiek dira zenbakiak, baina adibidez belodromoan egiten dugun Zinema eta Zientzia atalean dena da euskaraz eta haurrentzat. Ikastetxeei zuzenduriko emanaldiak dira. Hor lortzen ditugun zenbakiak mundialak dira. 15.000 edo 16.000 haur joango dira. Ikusle asko irabazten ditugu emanaldi horiekin, aurtengo kopuru orokorraren %15. Badaude baita ere beste elementu positiboak. Aurten, euskal zinemaren gala euskara hutsean izango da. Zinemaldiak euskararekiko duen konpromisoa argi eta garbi ikusten da, baina onartu behar dut aurrerapausoak egin beharko ditugula aurrera begira.

Igandean jarri ziren sarrerak salgai orain artekoarekin pozik zaudete?

Pozik gaude batez ere iazko emaitzak begiratzen baditugu baina 2019an gertatu zena lortzea zaila ikusten dut. Zinema aretoetara joateko ohitura berreskuratzen ari gara nahiz eta gauzak ez izan guztiz normalak. Gure aldetik esfortzu handi bat egiten ari gara. Gure ideia izan behar da zinema aretoetara joatea. Zinemaren etorkizuna hor dago. Plataformak eta telebistak garrantzitsuak izan arren, areto batean ikusten da benetan zinema. Zentzu honetan, aurtengo emaitzak onak izango dira baina ikusiko da. Printzipioz baikor gaude.