IRRATIA
Interview
Ekai Txapartegi
EHUko Filosofia irakaslea

«Jakin denagatik, Elkano ez da anti-inperialista soilik pentsamenduz, baita ekintzez ere»

Munduari itzulia eman zion aldetik, itsas-historiako erreferentzia nagusietakoa da Elkano. Bere figurak, ordea, nahikoa kontrobertsia eragiten du: badira inperialista gisa irudikatu izan dutenak, eta badira kontrakoa diotenak ere. Ekai Txapartegi EHUko Filosofia irakaslearekin hitz egin dugu.

Astearte honetan antzeztuko dute Elkanoren lehorreratzea, Getarian (Gorka RUBIO | FOKU)

This browser does not support the audio element.


«Euskaldunak munduan jartzen gaituen pertsona bat da Elkano, baldintza haietan munduari bira eman eta inork espero ez zuen zerbait lortu zuena». Juan Sebastian Elkanoren figura eta balentria aztertzeko interesa eta beta izan du Ekai Txapartegi EHUko irakasleak. Espedizio hari esker, Elkano bera eta lehorreratzea lortu zuen eskifaiak «itsas nabigazioaren historian gailurrean kokatzeko» motiboa ematen duela dio: «Itsas bidaia hori baino zailagorik ez da ezagutzen».

Gutxi-asko ezagutzen da Victoria ontziaren kapitaina izan zenaren inguruan, baina Txapartegik azaldu duenez, Maximiliano Transilvanok egindako idatziek eman dute argi apur bat pizteko aukera, Elkanoren «pentsamendu eta morala ezagutzeko» aukera ematen baitute: «Kapitainek ohi moduan, Elkanok ere idatzi zuen bidaia-bitakora, baina jatorrizko dokumentu hori galduta dago. Garai batean esperantza gutxi egon zen, beraz, haren inguruan gehiago ezagutzeko. Baina gerora ezagutu zen erregearen idazkari zen Transilvanok Elkanoren idatzietan oinarritutako kronika utzi zuela idatzita; kronika horren lehen partea Magallanes kapitain zenekoa da, bigarrena, berriz, Elkanorena».   

Hipotesi horrekin ari dira lanean. Izan ere, bi testuak, Elkanorenak eta Transilvanorenak, eskuetan izan zituen Gonzalo Fernandez de Oviedo idazleak idatzita utzi zuen bi testuak kasik parekoak zirela, «latinera egindako itzulpena» zela Transilvanorena, seguruenik ere.

Kontuak kontu, horietan oinarrituta ondoriozta liteke «harrigarria» zela idatzitakoa: «Garai haietarako estilo, ideia ezohikoak ditu idatziak, agertzen diren deskribapenek joera belizista baten kontrako alegatoa dirudite», azaldu du Txapartegik. «Handinahi edo expansio nahirik gabeko» edo «errege inperialisten» aurkako asmoak irakur daitezkeela gaineratu du. «Imajinatzekoa da horrelako ideia heretikoek XVI.mendean zein eragin zuten».

Kontrapuntua

Horregatik iritsi dira haren oihartzunak gaur arte; Txapartegik gogoratu du espainiar inperialismoak Magallanesi egotzi ziola mundu biraren balentria, eta hala mantendu zuela 300 urtez. Baina espainiar nazionalismoa boterera heldu zenean, «interes handiagoa» jarri zuten jatorriz portugesa zen kapitain batean baino, Elkanoren «figura espainiar inperialista» sustatzean. Elkanoren figura «erabat eraldatuta» aurkezten dute orduan, «ez-jakina zen marinela izatetik, erregearen laguna, militarra, kristau debotoa...» izatera; Txapartegik dioenez, bere biografia «ez zituen ezaugarriez» betez. Frankismoak sekulako lana egin omen zuen irudi hori sostengatzeko, eta hori da gaur arte kontsolidatuta iritsi zaiguna. Topatu diren idatziek horri kontrastea jartzeko balio izan dute: «Bere praktikak mundu biraren izaera erabat aldatzen du. Ez da anti-inperialista soilik pentsamenduz, baita ekintzez ere».

Gauza asko dago argitzeko oraindik ere Elkanori buruz, eta batik bat, mundu biraren bigarren partean honek zituen helburuez. Txapartegik dio kontakizun ofizialean badirela kontraesankorrak diren edo ulertzen ez diren zenbait gai, eta azterketak ekarriko duela horiek guztiak argitzea.