IRRATIA
Interview
Jokin Etxebarria
EH BAI

«Ez dituzte bi herritar epaitzen, bake-prozesuren alde engaiatu den gehiengo bat baizik»

Parisen, 2015ean Biarritzen poliziak atzeman zuen ETAren arma biltegi baten ingurukoak ari dira epaitzen egunotan. Defentsak ez du auzipetuen ardura ukatu, bai Fiskaltzaren tesia, ordea; euren jarduera ez zen inolaz ere helburu terroristaduna, bakegilea baizik. Horrekin bat etorri da EH Bai. 

Jokin Etxebarria EH Baiko ordezkaria. (NAIZ)

This browser does not support the audio element.


Orain dela zazpi urte sartu ziren Frantziako poliziak eta Espainiako Guardia Zibila Nathalie Chasseriauxen familiaren etxe batean Biarritzen. Arma eta lehergailuak topatu zituzten bertan. Biharamunean, Enrike Lopez iheslaria atxilotu zuten. Orain, antolakunde terroristarekin nolabaiteko harremana izatea eta lehergailuak izatea egotziz epaitzen ari dira biak Parisen.

Defentsak gertakariak ez ditu ukatu, bai Fiskaltzak eman dion ikuspegi eta asmoa, ordea. Bi auzipetuak bakegintzan ari ziren eta Biarritzeko arma biltegi hori bakebidean ematen ari ziren urratsen adierazgarri zen.Tesi horrekin bat egion du NAIZ Irratian Jokin Etxebarria EH Baiko ordezkariak; bi errealitate paraleloren egiaztapena ikusi ditu epaiketaren lehen egunean, «Parisen, epaile eta prokuradoreek zabaldu asmo dutena, eta bestetik, euskal gehiengoak sinesten duena»: «Kontaeraren inguruan sortu den bataila baten erdian gaude, prokuradorea edo epailea saiatu ziren demostratzen aurkitutako lehergailuak atentatuak egiteko materiala zirela, eta, bai defentsak eta bai epaituek argi azaldu zuten ezetz, testuinguru politiko hartan, bakearen aldeko konpromiso sendoa zutela».

Iragan diren urteak ikusita, eta batez ere Luhusuko gertaerez geroztik, epaiketa hau «jokoz kanpo» dagoela gaineratu du. Horren erakusle da, Etxabarriaren esanetan, epaile eta prokuradoreen aldetik izan diren kontraesanak. Ildo horretan, Etxebarriak argi du: «Ez dituzte bi herritar soil epaitzen, bake-prozesuaren alde engaiatu den euskal gehiengo bat baizik».

EH Baiko ordezkariak dio absoluzioa ez den beste erabakirik ez luketela ulertuko: «Hainbat urrats eman ziren armagabetzerako, publiko izan ziren, beraz, absoluzioa da espero duguna». Gaineratu du, edonola, jakina dela zein den Parisko auzitegien erra.