Lokatz Loreak sormen taldea: «Bertsolaritzan gure lekua aurkitu nahi dugu»
Zerbait egin nahiak elkartu ditu Araitz Katarain, Janire Arrizabalaga eta Izaro Bilbao, bertsolaritzaren bidez elkar ezagutu duten hiru lagun. Lokatz Loreak sormen taldea jarri dute martxan eta, horrekin batera, lehendabiziko ekimena: ‘Friki-saioak’ zirkuitua.
This browser does not support the audio element.
Ahalduntze Bertso Eskolan eta Bizkaiko Bertso Munduko Emakumeen I. Topaketan erdi brometan hasi zena egi bilakatu dute 18 urteko hiru gaztek, Araitz Katarain, Janire Arrizabalaga eta Izaro Bilbaok. Euren sormenari bide emateko eta fanatismoa bertsotara ekartzeko bost saio tematikoz osatutako zirkuitua antolatu dute. Saio bakoitza gai baten inguruan eraikia eta girotua izango da eta bestelako diziplinak ere nahasiko dituzte.
NAIZ Irratiko Kultur Harian izan dira Arrizabalaga eta Bilbao. Azaldu dutenez, leku bat sortzea izan zen abiapuntua. Hiru lagunek osatu duten Lokatz Loreak sormen taldea jada toki bat da baina proiektu horretatik gehiago sortu nahi dituzte, bertso munduan haiek bezala beren tokia guztiz aurkitu ez dutenentzako plazak eta sormen lanak, beren espazioa topatzen laguntzeko.
‘Friki-saioak’ izena du beren lehen ekimenak. «Espazio seguru bat dira leku berri bat probatzeko eta jendea gu bezala identifikatuta sentitzen bada bide hori errazteko», adierazi dute.
Frikismoa bertsoarekin uztartuz
Twitterren, Leire Vargas txiolariak idatzi zuen bertso trama bat egin beharko litzatekeela Harry Potterren inguruan eta hori abiapuntu moduan hartuta ideia gehiago atera dira.
Gero eta agerikoagoa da bertsolarien frikitasun hori? «Ukaezina da jendartean frikismo bat dagoela, eta bertsolaritza unibertsala da, jendartearen isla. Gai hauek gure bizitzan oso presente daude. Berez nahiko frikiak gara, eta hori bertsoarekin uztartu beharko litzateke», esan dute. «Bertsoak intelektual puntu bat edukitzen du eta zama hori kendu nahi diogu apur bat».
Bertsolarien erantzuna, oso positiboa
Abuztua eta iraila bitartean egingo dituzten saioetan 21 bertsolarik hartuko dute parte denera. «Izen batzuk nahiko argi geneuzkan, adibidez Nerea Ibarzabal ‘Harry Potter’ saioan egongo zela. Gehienbat gure inguruko jendearekin mugitu gara eta haien intereseko saio bat ematen saiatu gara. Maddi Agirre laguna dugu eta Harry Potterren saioan jarri dugu bera ere badakigulako oso pozik abestuko duela horretaz».
Bertsolariek oso ondo hartu dute proposamena. «Baietza bai baina ez genuen hain erantzun positiborik espero. Gu ere asko motibatu gaitu horrek, ikusteak ez dela gure gauza arraro bat bakarrik, jende askori egiten diola ilusioa».
Oso saio girotuak izango dira
Gai jartzaile ibiliko dira hirurak saioetan. Ez zuten halakorik egina eta asko gozatzen ari dira bide berriak probatzen. Antolatzaile lana arakatzea ere «oso interesgarria eta gogorra» izan dela diote. «Ideia oso ondo, baina ez da izan batere erraza dirua lortzea. Poltsa batzuk atera ditugu gure markakoak eta hortik finantzazio apur bat lortuko dugu. Sarrerak ere jarriko ditugu prezio sinboliko batean, 3 euroan, eta horrekin espero dugu bertsolariei ordaintzea».
Nabarmendu dutenez, oso gustura ibili dira elkarlanean. «Oso ezberdinak gara. Hori da gure ezaugarri nagusia. Batzen gaituena bertsoa da, hitzekiko maitasuna».
Oso saio girotuak izango direla kontatu dute, bertso tramaren kontzeptua harago eramanez. Janire Arrizabalaga Ikus-entzunezkoak ikasten ari da, Izaro Bilbaok bideoak editatzen ditu eta Araitz Katarainek musika egiten du. Hori dena nahastu eta ikus-entzunezko bertso saioak atera zaizkie. Pista moduan, aurreratu dute gaiekin batera proiektore bat egongo dela saio guztietan, baita mozorro eta osagarri asko ere.
Jakina, entzuleak ere erabat libre izango dira nahi duten bezala joateko. «Egin nahi duguna da espazio bat sortzea bakoitzak bere friki handiena ateratzeko».