«Jaio gabeko hazi guztiei aitortza bat izateaz gain, eskertza ere bada 'Hirugarrena Orduan'»
'Hirugarrena orduan' ipuin ilustratua sortu dute Maitane Unanue Gabirondo, Mirari Alkorta Lizaso eta Xabier Etxaniz Ulaziak. Abortu naturala haurrekin landu ahal izateko tresna da album ilustratua.
This browser does not support the audio element.
Uste baino ohikoagoa da eta oraindik ere gai tabua izaten jarraitzen du eta errealitate honi behar duen lekua eta tratatzeko era eman nahi izan diote. Gai konplexuak hitz egitea oso garrantzitsua da, «gure beldurrak eta gure tabuak jasotzen dituzte» azaldu digute, eta horregatik, naturaltasunez eta modu errealean kontatzeko sortu dute album ilustratua.
Ilustrazioek garrantzi handia dute, sinpletasuna baliatuz errealitatea kontatzen dute. Ez dira agertzen kolore biziak baina emozioak argi ikusten dira, izan ere, «estilo horretan osotasun bat hartu du liburuak», azaldu digute. Kontaketa osatzeaz gain, irudiek indarra ematen diete hitzei, «testuak bezain beste edo garrantzia gehiago dute irudiek».
Gai konplexu bat haurrengana hurbiltzea da helburua, baina helduentzat ere baliagarria da. Ez da etxeetara mugatzen den tresna, hezkuntzan, aisialdian… ipuin honen kontaketak esparru askotan lagundu dezake. «Harrigarriak izan dira helduengandik jaso ditugun erreakzioak» azaldu digute, baina haurrengan ere nabaria da istorio honek eragina baduela.
Ipuin hau errealitate bat kontatzeko eta «horrelako gaiei hitz egiteko lekua emateko» sortu dute, baina aintzatespen bat ere bada. «Jaio gabeko hazi guztiei aitortza izateaz gain, eskertza ere bada, galera baten ostean ondorengo batzuk badaudelako», esan digute.
Hau dena kontatu digute Maitane Unanue Gabirondo, Mirari Alkorta Lizaso eta Xabier Etxaniz Ulaziak Bigarren Kafean.