Onik daude Aita Marik Mediterraneoan erreskatatu dituenak, portu seguru baten zain dira orain
Goizeko seiak aldera 11 pertsona erreskatatu ditu Aita Mari ontziak. Izaskun Arriaran eskifaiako kideak NAIZ Irratian azaldu duenez «hotzez eta oso nekatuta», baina onik daude denak. Portu segurua eskatu du dagoeneko erreskate ontziak.
This browser does not support the audio element.
Aita Mari ontzian dira gau gogor baten ostean erreskatatutako 11 pertsonak. Bangladesh eta Marokokoak dira gehien bat, Somaliako bat, Egiptoko beste bat eta Boli Kostako bat gehiago, gehienak 20 eta 30 urte artekoak eta 16 urteko bat.
Izaskun Arriaran eskifaiako kideak NAIZ Irratian azaldu duenez goizaldean jaso dute abisua eta eguna argitzearekin bat, 6.10 aldean, burutu dute erreskatea. Ontzia bezperako 22.00ak aldera irten zen Libiako kostatik. Eurekin batera beste hainbat ontzi ere atera zirela jakinarazi diete erreskatatuek Aita Mariri eta Arriaranek azaldu duenez ingurune horretan geratuko dira gutxienez gaur, erreskatatu beharreko beste ontzirik agertuko balitz ere lagundu ahal izateko.
Libiako indarren bisita izan dute, «gure ondotik pasa dira terrenoa markatu nahiean edo...» eta Arriaranek dio horrek euren lana oztopatu dezakeela. Erreskatatutako pertsonentzat portu segurua eskatu du Aita Marik.
«Libia no! Libia no!»
Erreskate deia goizaldeko lauetan jaso du Aita Marik eta berehala joan dira zehaztutako lekura, «ilargi betea zegoen, eguna argitzen ari zuen, baina arrantza ontzi asko zeuden eta pixka bat nahasmena izan dugu, baina ondo joan da». Arriaranen esanetan «bila aritu eta ontzia identifikatzen duzunean tentsioa izaten da, eta izugarrizko emozioa».
Maiz, eta gaur ere hala izan da, erreskatatea behar dutenei laguntzera doazela azaldu beharra izaten dute, «beraien beldur bakarra berbera da, oihuak hasten dira 'Libia no! Libia no' eta azaltzen diegu gu hemen laguntzeko gaudela».