Pati Urretabizkaia: «Suertatzen diren egoeretara moldatzen joatea da Zumardiaren helburua»
This browser does not support the audio element.
Natura, hezkuntza eta kirola uztartzen ditu Zumardia elkarteak. Izaera lehiakorra lde batera utzi eta egiten denaz gozatzea da nagusiko bertan eskaintzen diren jardueretan parte hartzen dutenen helburua. Haurrentzat zein helduentzat eskaintza zabala du eta urte guztian zehar goza daiteke eskaintza horretaz.
Pati Urretabizkaia da Zumardiako koordinatzailea. «Lau seme-alaba ditut eta saltsak gustatzen zaizkigunez, nire burua aurkeztu nuen eta hautatua izan nintzen». Udaro begirako jardueren antolakuntzan buru-belarri dabil Urretabizkaia baina gauzak dezente aurreratuta dituztela aitortu du.
Euskara da Zumardiaren ardatzetako bat. Egiten diren jarduera guztiak euskaraz garatzen dira eta beraien ekintzen berri emateko komunikazioetan ere euskara erabiltzen dute. Hori aztertzen ari direla esan digu Urretabizkaiak. «Irismen gehigo izateko beste hizkuntzak erabiltzea aztertzen ari gara, beti ere euskarari duen lekua kendu gabe».
Egungo errealitate sozioekonomikora egokitzea ere Zumardiaren jomuga nagusietako bat da. «Konsziente gara familietan errealitate ekonomiko ezberdinak daudela. Inor ez dugu gure jardueretan parte hartzetik kanpo utzi nahi arrazoi ekonomikoengatik. Horregatik, Udaleko Gizarte Zerbitzuekin harremanetan gaude gaiari konponbide bat emateko».
Zumardiak dituen bi erronka berriren inguruan ere aritu da Urretabizkaia. Alde batetik, Tolosan baztertuta geratzen diren bizikletak jaso eta konpontzeko tailer bat prestatzen ari dira. Horrekin batera, emakumeek bizikletan ibiltzen ikasteko ikastaroa ere prestatu nahi dute. «Asko dira arrazoi ezberdinengatik bizikletan ibiltzen ez dakiten emakumeak. Adin bat dutenek bere garaian ikasi ez zutelako esaterako, edo hainbat atzerritarren kasuan bezala, beraien erlijioetan emakumeak bizikletan ibiltzea gaizki ikusita dagoelako».
Bigarren Kafean kontatu dizkigu Pati Urretabizkaiak Zumardiaren ingurukoak.