‘Hamabost segundu’: arrakasta izan edo ez erabakitzen duen denbora tartea
Burutik taldeak disko berria kaleratu du 2022an, ‘Hamabost segundu’ deiturikoa. Luar Alberdi, Jokin Barriola, Asier Capon, Iraitz Gonzalez eta Mikel Gorraiz dira taldekideak eta Beste Bat saioak egiten hartu dute parte maiatzean. Bi aitzakiak baliatuz, MusikHaria saioan izan dira.
This browser does not support the audio element.
Folka, rocka, funkya… Denetariko doinuak dituen lana da Burutik taldearen bigarrena, ‘Hamabost segundu’. Talde nafarrak 2020an atera zuen lehendabiziko diskoa eta bigarren honekin beren nortasuna eta soinua finkatu duela esan dezakegu.
Konfort egoeratik irteteari, ez dakigunaz hizketan jarduteari edota norbera den bezala onartzeari buruzko kantuak dituzten arren, bestelako gai sozialak ere izan dituzte hizpide diskoko hamar kantuetan. ‘Atzoko gai bera≈ kantuan, esaterako, pandemiak kartzelan direnei eragin dien zigor gehigarria aipatu dute, aldi berean orain haiek egoera bertsuan jarraitzen dutela salatzeko, 40 minutu ez baitira aski inorentzat. Hori guztia Mumford & Sons taldearen kutsu nabaria duen kantu batean, nahiz eta Jokin Barriolak esan digunagatik talde britaniarra ez duen ezagutzen. Baina bi gitarra, baxua eta bateriaz gainera akordeoia izateak, halako erreferentziak ekartzen dizkigu gogora.
Mainstreamari kritika ere egin diote bi abestitan. ‘Ez dakit’ kantuan, entzule aktiboaren aipamena egiten dute, kontsumitzeko modua salatuz eta disko batek duen balioa agerian utziz. ‘15"’ kantuan, berriz, ariketa ederra egin dute: elementu asko, esaldi zuzena eta hamabost segundoko iraupena duen abestia. «Egun sare sozialetako edukiek duten iraupenari begira egiten ditu askok abestiak, Instagram edota Tik Tok bezalako sareetarako. Instagrameko istorio batek hamabost segundo irauten ditu eta entzule askok abesti baten segundo horiek soilik ezagutzen ditu eta arrakasta edo arrakasta eza horren baitan egon daiteke. Hori salatu nahi izan dugu kantu honekin», aipatu digu Barriolak.
Boskote nafarra hasia da zuzenekoak ematen eta ekainean Burlatan, Iruñeko Arrosadiako jaietan, Esteribarren, Iruñeko Donibane auzoan eta Mutiloan izango dira diskoa aurkezten. Bitartean, diskoa entzuteaz gainera, Naiz Irratian egin zituzten beste bat saioez ere goza dezakezue taldearen nondiko norakoa hobeto ezagutzeko.