IRRATIA

Mikel Alvarez Sarriegi: «Tradizioa ez bada moldatzen, desagertu egingo da»

Azken Dantza Maisua dokumentala. (Mikel Alvarez Sarriegi)

This browser does not support the audio element.


 

Xabier Sarriegi 'Paxatxo' du ardatz Beasaingo Udalak, herri bereko Aurtzaka taldeak eta Bira Produkzioak ekoiztetxeak elkarlanean egin duten eta Mikel Alvarez Sarriegik zuendu duen ‘Azken Dantza Maisua’ dokumentalak. Iaz hil zen Paxatxo eta dantza erakusteko modu baten azken kate begia izan da. Duela 400 urte erakusten zen moduan ematen zituen dantza klaseak. «Irakaslea geldirik egoten zen eta ikasleek banaka egiten zuten dantza bere aurrean. Gaizki egiten zutena esaten zien irakasleak eta berriz ere ilaran jartzen ziren» adierazi du Alvarezek.

Paxatxo zenaren iloba da Alvarez eta berarentzat oso berezia izan da lan hau egitea. Oso eskertuta dago dokumentala egiteko aukera izan duelako eta estreinaldiaren aurrean urduri dagoela onartu digu. «urduri, inoiz ez nintzen egon zuzendari kargu horretan; kasu honetan, sentsazioa eduki dut tunel baten nengoela, eta orain argitara ateratzean urduritasunak eta ardurak agertu dira»

Hamabost pertsona elkarrizketatu dituzte dokumentala osatzeko. Familiakoak, dantzaren munduan berarekin ibilitakoak… Baina ez dituzte dantzari modura aurkeztu nahi izan. «Bakoitzaren eremura jo dugu irudiak grabatzeko. Irakasle bati eskolan grabatu diogu elkarrizketa, mediku bati bere kontsultan… Dantzaren eremutik kanpo irudikatu nahi izan ditugu».

Tradizioaren munduan sartu eta barrutik bizi dutenek naturaltasun handiarekin bizi dutela adierazi du Alvarezek. Tradizioak moldatzen ez badira desagertzera kondenatuta daudela uste du baina barruan sartu denean harritu egin du topatu duenak.

Entzun Bigarren Kafean Mikel Alvarez Sarriegieri egindako elkarrizketa.