Astelehen goizaldeko ilargi eklipseaz jakin beharrekoak
Ilargia Lurraren itzalpean dela argituko du egunak heldu den astelehenean. Eklipse honen faseak, arrazoiak eta zuzenean ikusteko argibideak eman ditu NAIZ Irratian Urtzi Odriozola astronomia-argazkilaritza zaleak.
This browser does not support the audio element.
Zorte pixka bat beharko da astelehen goizaldeko ilargi eklipse erabatekoa ikusteko. 6.00ak alderako dago aurreikusia, lehen eguzki izpiak agertu baino 20 bat minutu lehenagorako. Baina, 4.50 inguruan izango da egunsenti astronomikoa eta beraz zerua argitzen ari dela iritsiko da ilargi eklipsearen puntu gorena. Eta, noski, eguraldia ere lagun beharko dugu zuzenean ikusi ahal izateko.
Ilargi eklipseak ez dira horren ezohikoak, ilargia Lurraren itzaletik igarotzean gertatu ohi den fenomenoa da, 'ilargi odoltsua' deitu ohi diote anglosaxoiek, kolore gorrixka hartzen duelako, «eguzkiaren argi zuriari urdina kentzen dio Lurreko atmosferak, kolore gorrixka hori emanez», azaldu du NAIZ Irratian Urtzi Odriozola astronomia-argazkilaritza zaleak.
Goizaldetik teleskopioa eta argazki kamerak prest izango direnetako bat da Odriozola, «ez da erraza izango» baina zuzenean ikusteko esperantzarekin aritu da prestatzen material dena. Bere ahotik jaso ditugu ilargi eklipsearen ezaugarriak.