IRRATIA
Interview
Paul Bilbao
Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia

«Beste eragileek balio berdinzaleak euskararekin lotzea urrats berri bat da»

Euskararen alde egiteko eta, batik bat, azken boladan gure hizkuntzaren kontra izan diren erasoei balazta jartzeko unea dela deritzo Kontseiluak. Horregatik egin du larunbateko manifestaziorako deia. ‘Herritarrak ez gutxietsi, eskubideak guztiontzat’ hartuko dute lelo, «hau justizia kontua delako».

Paul Bilbao, Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia. (Maialen ANDRES | FOKU)

‘Eskubideak guztiontzat’ lelopean, Iruñean biltzeko deia luzatu du Euskalgintzaren Kontseiluak larunbat honetarako. 17.30ean abiatuko da manifestazioa, Antoniutti parketik. Paul Bilbao idazkari nagusiarekin hitz egin du NAIZ irratiak.

Salatu duzuenez, euskarak hainbat eraso jasan behar izan ditu azken boladan. Horietako bat da Nafarroako Merezimenduen Dekretuari dagokiona; zertan eragiten die herritarrei?

Eragin zuzena izango du herritarrek administrazioarekin harremanak euskaraz izateko daukaten eskubidean. Dekretuak administrazio publikoko langileei euskara zenbat baloratuko zaien zehaztuko du. Gobernuak aurkeztu duen zirriborroaren arabera, oso gutxi baloratuko zaie. Bitxia da, ingelesaren, frantsesaren eta alemanaren ezagutza bai, kontuan hartuko delako.

Alegia, aurrera egiten badu, ezinezkoa izango da zerbitzua euskaraz jasotzea...

Eta ez informazioa jasotzeko edo tramite bat egiteko bakarrik, baizik eta medikuarenean, poliziarekin… Kontuan izan behar dugu administrazioarekin harreman ugari ditugula eta horietako asko beste eskubide batzuekin lotuta daudela, besteak beste osasun zerbitzu duinekin. Gobernuak euskaldunon komunitatea zokoratu nahi du, adieraziz: ‘Ez duzue eskubiderik zerbitzuak euskaraz jasotzeko’.

Betiko eztabaida dago hemen: norena da eskubidea, langilearena edo herritarrarena?

Bai, baina nik uste halako esaldiak ez direla zuzenak. Administrazioari lotzen bagatzaizkio eskubidearen subjektua herritarra da. Alegia, administrazioaren betebeharra da herritarrei ahalik eta zerbitzurik egokiena ematea, eta horretarako langile gaituak izan behar ditu. Hizkuntza ez da kontuan hartzen, eta guk aldarrikatzen dugu herritarrok eskubidea dugula gure harremanak eta zerbitzuak euskaraz jasotzeko. Langileek ere izan beharko lukete euskaraz lan egiteko eskubidea. Baina herritarra jarri behar da erdian.

Ingelesezko irakasgaiak jasotzen dituen PAI programa betikotzea erabaki dute PSNk eta Navarra Sumak; zer ekarriko du horrek?

Lehenik eta behin, programa hau zergatik sortu zen gogoratu behar dugu. Nafarroako Gobernuko orduko presidenteak, Yolanda Barcinak, oso garbi esan zuen euskarazko irakaskuntzaren zabalkundeari galga jartzeko sortu zutela. Are gehiago, Nafarroan esperimentatu, eta ondoren berezko hizkuntza gutxituak zituzten beste autonomia erkidego batzuetan, besteak beste Valentzian eta Balear Uharteetan, jarri zen abian. Hor bazen intentzionalitate politiko bat. Eta iruditzen zaigu orain hori berriz ere martxan jarri nahi izateak eta eredu bihurtzeak intentzionalitate politiko horri erantzuten diola.

Baina, horretaz gain, Nafarroan oso egoera paradoxikoa dugu: urtero milaka gaztek ez dute inolako noziorik berezko hizkuntzaren gainean, Gobernuak ez du ezer egiten belaunaldi berriek euskarari buruzko noziorik txikiena izateko. Aldiz, ez ofiziala ez berezkoa ez den hizkuntza baten bidezko murgiltze eredua ezarri nahi du.

Baduzue deirik alderdi politikoentzat honi dagokionez?

Nafarroan alderdi batzuek zabaldu nahi duten ideia da balio duen hizkuntza ingelesa dela eta balio ez duena, euskara. Administrazioan lan egin nahi baduzu aukera gehiago izango dituzu ingelesa badakizu eta ingelesa jakin dezazun murgiltze bat jarriko dizut. Kate bereko katebegiak dira. Gu saiatuko gara kaleak betetzen, baina alderdiei dagokie presioa egitea. Ezin dute onartu bere burua aurrerakoitzat duen gobernu eta alderdi batek halako neurriak hartzea. Ez gara gai sinple batez ari; lehen eta bigarren mailako herritarrak sortzeaz ari gara. Alderdiei irmotasun handiagoa eskatzen diegu. Eta, noski, gure babesa izango dute uneoro.

Zokoratuta
«Nafarroako Gobernuak euskaldunon komunitatea zokoratu nahi du, bigarren mailako herritar bihurtuz, adieraziz: ‘Ez duzue eskubiderik zerbitzuak euskaraz jasotzeko’»


Euskararen zonifikazioaren defendatzaileek ‘askatasun indibiduala’ aldarrikatzen dute. Badako halakorik?

Ez, zonifikazioak berak askatasuna mugatzen duelako. Zer askatasun dauka Erriberako herritar batek euskaraz egiteko? Zero. Zein askatasunez hitz egiten ari gara baldin eta herritarrei berezko hizkuntza erabiltzeko eskubidea ukatzen bazaie? Modu perbertsoan erabiltzen dute askatasunaren kontzeptua, aski ongi dakitelako Nafarroako eremu zabal batean herritarrak kondenatzen dituztela hizkuntza bat erabiltzera.

Honengatik guztiagatik manifestazioa izango da bihar Iruñean. Manifestua eta atxikimendu kanpaina ere zabaldu duzue; gustora emaitzarekin?

Polita izan da. Gure esparrutik kanpoko eragileak bildu dira: mugimendu feminista, ekologista, ekonomia solidarioa, pentsionistak, LGTBI… Horiek guztiek egin duten hausnarketa izan da ‘guk beste balio batzuetan oinarritutako gizarte baten alde lan egiten dugu, hortaz ezin dugu onartu hizkuntzaren eremuan herritar kolektibo bat gutxiestea’. Guretzat lotura hori egitea, defendatzen dituzten balioak euskararekin lotzea, urrats berri kualitatibo bat da.

Kalera irten ostean, zeintzuk izango dira hurrengo pausoak?  

Atxikimendua agertu diguten eragile horiekin egoteko asmoa dugu. Hurrengo urtean hauteskundeak izanen dira Nafarroan eta nahiko genuke eragile horiekin zehaztea zein erabaki hartu beharko lituzkeen hizkuntzaren arloan Gobernu berriak gizarte berdinzaleago baten alde. Kontseiluan jada badaramatzagu hilabete batzuk ‘Batuz aldatu’ dinamikaren baitan hizkuntza politiketan eragiteko adostasun sozialak eraikitzen eta Nafarroan berez etorri zaigu adostasun horren aukera. Aliantza berrien bidez eragiten saiatuko gara.