IRRATIA

Espazio segurua sortu asmoz dator Synthetika jaialdia

Berlinen bizitako esperientzietatik abiatuta jarri dute martxan Synthetika, LGBTIQ+ kolektiboa babesteko abiatuta, guztientzat segurua izango den espazio bat sortzeko bidean antolatutako jaialdia. Gernikan izango du Euskal Herriko lehen edizioa apirilaren 9an.

Berlingo basoetan bizitako esperientzietatik abiatuta sortu da Synthetika jaialdia. (SYNTHETIKA)

This browser does not support the audio element.


Aritz Mendiola eta Beltran izan ziren MusikHaria saioan Synthetika jaialdia aurkezten. «Synthetikaren lehentasuna espazio seguru bat sortzea da, baimena fundamentala den leku bat, norberak beraren burua den bezalakoa adierazteko plaza», kontatu digute antolatzaileek. 

Techno musikarekin osatutako festibala izango da eta nabarmendu nahi izan dutena da protokolo zorrotza beteko dutela guztiek festaz lasai gozatzeko. «Argi utzi nahi dugu ez dugula inolako: homofobia, transfobia, queerfobia, arrazakeri, misoginia, sexu-jazarpen edo beste edonolako eraso fisiko edo mental onartuko. Ez dugu onartuko inolako diskriminaziorik. Norbaitek bestelako ideiaren bat badu, hobe etxean geratzen bada», azpimarratu dute Synthetikatik.

Hala, egingo duten festetatik lehena Gernikan izango da, Astran, apirilaren 9an, arratsaldeko 18:00etatik aurrea. «Berlinen jaio den elkarte queer bat gara. Esperientzi berriak ekartzera gatoz mundu guztiari. Orain arte hemen ez gaude ohituta elektronika jaialdi batean DJari begira jarri eta gozatzeaz, beti zirkuluak osatzen ditugu eta gure zirkuluetan itxi. Ideia horrekin ere pixka bat apurtu nahi dugu. Synthetika askatasun oihu bat da, bizitzan behin gertatzen den une horietako bat, protesta bezala aske dantzatzeko aukera bat. Nahi duzun bezala adierazi zure burua, gurean ongi etorria zara», aldarrikatu dute antolakuntzatik.

Lehenengo edizio honetan Celia, DJ Hotbody, Bede Ben, Celeraka eta Elena Barker izango dira musika jarriko duten ziztatzaileak. Euskal Herriko zein atzerriko DJak izango dira eta guztiak ere underground zirkuituan murgilduta dabiltzanak. Arratsaldean hasi eta goizaldera arteko festa izango da Astran eta sarrerak dagoeneko eskuratu daitezke

Edizio gehiago izatea ere aurreikusten dute, bide bat jarri nahi dute martxan Synthetikakoek: «Ez gara lehenak halako zerbait egiten, baina guztiari buelta bat eman nahi izan diogu. Hala, Gernikan hasitako bideak Berlinen izango du jarraipena maiatzean, baina halako gehiago egitea bada gure asmoa eta horretan gabiltza». 

Festa modu lasaian eta askean egiteko aukera berri bat izango da, beraz, Synthetika ekimenaren eskutik.