«Zorrotz eta pausoz pauso jarraitu dugu esku artean genuen araudi bakarra, Foru Aldundiarena»
Galdakaoko Udalak erakutsi duen jarrera demokratikorik gabe, nekez lortuko zen Usansoloren estatusaren inguruko galdeketarik antolatzea. Hamarkadak iraun dituen «arazo zahar bati» konponbide bat ematen ahalegindu direla azaldu du Iñigo Hernando Galdakaoko alkateak.
This browser does not support the audio element.
Urte askotako eskariari heldu eta Galdakaoko Udalak berak antolatu du Usansoloko desanexioari buruzko galdeketa. Eta emaitza, ukaezina: 1877 baiezko boto izan dira, 329 ezezko. Galdeketa loteslea ez denez, pilota orain Bizkaiko Foru Aldundiak du, haiek jasoko baitute Usansolon egindako galdeketaren emaitzaren memoria. Azkenik, Aldundiak Bizkaiko Batzar Nagusien esku utziko du gaia, honek har dezan behin betiko erabakia, Usansolo Bizkaiko udalerri berria izatea ala ez.
Prozesua aldez aurretik ezarritako irizpide guztiak jarraituz egin dela iritzita, baikor dira Galdakaoko Udalean: «Zorrotz eta pausoz pauso jarraitu dugu esku artean genuen araudi bakarra, Foru Aldundiarena» azaldu du Iñigo Hernando Galdakaoko alkateak NAIZ Irratian. «Oso lasai gaude egindako guztiarekin, badakigulako dena ondo egin dugula», gaineratu du.
EH Bilduk koalizioan agintzen du Galdakaoko Udalean, besteak beste, Usansolo Herria zerrendaren babesarekin. «Arazo zahar bati» irtenbide bat eman nahian, Usansoloren bereizketarena, heldu beharreko afera zela berretsi du Hernandok, «Argi ikusi da usansolotarrek gogoak zituztela era ofizialean euren iritzia emateko, boto bidez».