IRRATIA
Interview
Aritz Erkiaga
Puntista

«Ikusita frontoiak nola bete diren, txapel honek zapore handia dauka»

Aritz Erkiagak (Ispaster, 1987) ezin hobeto hasi du urtea. Bere bigarren banakako txapelketa irabazi zuen urte hasieran eta pasa den asteburuan, binakakoan, Jai Alai Winter Serieseko txapela jantzi zuen Jon Zabalarekin batera.

Aritz Erkiaga, Winter Series txapelketako finalean. (Aritz LOIOLA | FOKU)

This browser does not support the audio element.


Finalean partida biribila eginda irabazi zuten Aritz Erkiagak eta Jon Zabalak Jai Alai Winter Series txapelketa. Txapelketa hasi zenean euren burua txapeldun ikusten ez bazuten ere, Ispasterkoak onartu du finalerdietatik aurrera euren aukeretan sinesten hasi zirela. Zapore gozoa dauka milaka ikusle erakarri duen txapelketako txapelak.

​Txapela irabazita, nola sentitzen da bat?

Ondo, gustura. Gainera, txapelketa hasieran ez genuen pentsatzen horrelako arrakasta edukiko genuenik, eta ikusita frontoiak nola bete diren, txapel honek zapore handia dauka.

Harrera berezia izan zenuen herrian ere.

Bai, oso polita izan zen. Finalaren ostean, hemen, herrian, ongietorria egin zidaten eta ondoren, hurrengo egunean, eskolako irakasle eta ikasle batzuek karteltxo bat egin zidaten eta etxe aurrera etorri ziren kantatzen. Oso polita izan zen.

​Bi jokotan garaitu zenituzten Osa Goikoetxea eta Aldazabal. Uste baino errazago.

Bai, gure ideia zen pilota motela atera eta jokoa atzean mantentzea. Jonek [Zabala] Iñaki [Osa Goikoetxea] oso ondo kontrolatu zuen eta Aimar [Aldazabal] erasotzen egon ginen eta ondo atera zitzaigun. Iñaki jokoz kanpo uzten duzun bakoitzean, irabazteko aukera gehiago dituzu.

Osa Goikoetxeak berak aipatu zuen lehen set hori galdu izana gakoa izan zela.

Bai, eta gainera partida hasiera ona egin genuen. 4-0 hasi ginen irabazten eta baliteke aurkaria urduri jarri eta guk lasaiago jokatu izana; ze markagailuan aurretik jartzen zarenean, konfiantza irabazten duzu.

​Txapelketa osoan ez duzue partidarik galdu. Aipatu duzu ez zenuela espero txapela irabaztea.

Gainera, beste bi bikoteak agian publikoarentzako faboritoak ziren; bai Gernikako bikotea bai Iparraldekoa oso maila onean aritu dira eta oso ondo ezagutzen dute elkar. Gure helburua zen finalerdietarako sailkatzea. Behin finalerdietara iritsita, agian bai ikusten genuen urrunago iristeko aukera geneukala, baina oso zail ikusten genuen irabaztea.

​Zu zeu pasa den denboraldian bikain aritu zinen; aurten ere bide beretik hasi duzu urtea.

Bai, iaz emaitzak onak izan ziren. Joko aldetik agian ez nintzen oso gustura egon, baina hemengo lehendabiziko txapelketan gauza biekin oso gustura nago: bai erakutsi dudan joko aldetik eta bai emaitzekin.

Jon Zabalaren kasuan, bere lehendabiziko txapela izan da horrelako txapelketa batean. Oso berezia izango da berarentzat ere, ezta?

Bai, gainera, berak bizi izan duena bai Filipinetan bai AEBetan beste bizimodu bat izan da. Aurten eta iaz aukera eman diote hemen jokatzeko eta ondo aprobetxatu du lehendabiziko urtea.

Gernikako Jai Alai pilotalekua bete-beteta egon zen. 2.000 lagun hurbildu ziren.

Bigarren jardunaldian izan ezik beste guztietan bete egin da frontoia eta, bertan, finaleko egunean ere, jendea 9.30etik egon zen sarrera erosteko ilara egiten, ze jendea oso gogotsu zegoen. Guk hori nabaritu dugu eta guretzako ere oso txapelketa berezia izan da.

Hori ikusita, zein etorkizun ikusten diozu zesta-puntari?

Antolatzaileek ikusi dute jendea gogotsu dagoela eta nahi duela zestaz gozatu. Asteazkenean aurkeztu zuten udan egongo diren txapelketak eta nik pentsatzen dut antolakuntzatik badakitela zer lan egin behar diren zaleak pozik edukitzeko.

Txapelketa hasi aurretik zalantzak izan zenituzten?

Bai, ez genuen pentsatzen arrakasta askorik edukiko genuenik, egia esan. Hasieran pentsatzen genuen familia artean eta lagun batzuekin ikusiko genuela, eta bigarren jardunaldian hurbildu zen jendeak gure begiak zabaldu zituen; jendea gogotsu dagoela ikusi genuen eta handik aurrera antolakuntzatik ondo egin dute lan jendea erakartzeko eta mantentzeko.

Partidak astelehenetan jokatu dira eta ez da ohikoa; normalean asteburuan izaten dira kirol ekitaldi gehienak.

Beste urteetan normalean astelehenetan antolatzen zirenean Gernikan ikusten zen ez zela jende asko hurbiltzen. Baina tira, gaur egun komunikabideek eta sare sozialek egiten duten lanarekin asko ezagutarazten da gure kirola, eta horrek jendea erakarri du.