Lezón & Limousin eta Myotones taldeen berrienak kalean dira
Abesti berriak, interesgarriak eta sorpresaren bat proposatu dizkigu ‘Zarata’ tartean Iker Bárbarak. Abesti melodikoetan hasi dugu bidaia eta soinu ilunetara eraman gaitu bukaerarako bilbotarrak.
This browser does not support the audio element.
Lezón & Limousin taldea sorpresa batekin datorrela aipatu digu Iker Bárbarak: «Proposamen oso gomendagarria iruditzen zait Ricardo Lezón eta Jaime Limousin bikoteak sortutako proiektua. Aspalditik ezagutzen dira, McEnroe taldeko partaideak direlako eta taldeak aurten 20 urte betetzen dituenez, EP berri bat aurkeztu eta bira bat egingo dutela aipatu behar da. Baina ‘Azkorri’ deitzen da bikoteak aurreko astean kaleratutako disko berria eta sorpresa moduan Anari abeslariaren kolaborazioa sartu dute ‘Martxoko argiak’ abestian. Anarik abestian Lezónen mozorroa janzten du, bere erara euskaraz abesten. Horrez gainera, bi estiloak zelan batu daitezkeen erakutsi digute, estilo batek bestea zapaldu gabe, bi proiektuen arteko nahasketa atsegina sortuz».
Myotones bikotea izan da Bárbarak proposatutako bigarren taldea: «2020an Jon De La Fuente eta Asier Ardanzak osatutako taldea da. Bi single aurkezten eman zituen bere lehen pausoak taldeak eta ondoren lehen EP-a kaleratu zuten. Lan berri honetan, euskaraz eta ingelesez abesten dute eta 2020ko single horietatik bat sartu dute diskoan. ‘Loop’ izena du diskoak eta pop berria, psikodelia edota elektronikaren nahasketa nabari daiteke. Gernika eta Ondarroa artean grabatu dute diskoa Jon Badiren eskutik eta Etxekalteko musikarien kolaborazioa izan dute. Geroz eta pop landuagoa sortzen ari da Euskal Herrian eta jaialdiren bat sortzeko aukera ematen duelakoan nago».
Kabbalah taldearekin jarraitu dugu tartea: «Hiru emakumez osatutako taldea da, Alba, Carmen eta Margaren eskutik osatuta eta Iruñean sortutako proiektua da. ‘Grados. Minutos, Segundos.’ izeneko lan berria aurkezten dute Spinda Records zigiluaren eskutik. Estilo berezia lantzen duen taldea da, atmosfera beltzak eta ilunak jorratzen dute, ocult rock izeneko estiloan. Hilerriak agertzen diren film labur batentzako soinu banda aproposa izan daitekeela iruditzen zait, kar-kar. Ahotsaren lanketa aipatuko nuke, sortzen dituzten armoniak oso bereziak iruditzen zaizkit. Europa mailan, underground eszena asko daude baina estilo honetan talde honek izugarrizko garrantzia duela esan dezakegu, ondo baloratuta dagoen taldea delako, nahiz eta Euskal Herrian estilo hau askorik ez den lantzen».
Nize taldearekin eman dio amaiera tarteari Iker Bárbarak: «El Tigre estudioetan grabatu duten bigarren diskoa laster argitaratuko dute, Ático Stereo zigiluaren eskutik. ‘Metal’ izena duen lehen aurrerapen kanta kaleratu dute, eta, Zaratan bideokliparekin aurkeztu genuenean oso interesgarria egin zitzaidan bideoklipa amaitzean bonus track bat zuela atzetik, ‘Cristal’ izenekoa».
Hauek dira, beraz, aste honetarako ekarri dizkigun lau abestiak:
– Lezón & Limousin - Martxoko argiak ft. Anari
– Myotones - Harribitxi
– Kabbalah - Dead eyes
– Nize - Metal